Fermin Muguruzaren Donostiako kontzertua bihar eskainiko dute EITBn

Pasa den ekainaren 14an, Fermin Muguruzak Anoeta futbol zelaian eman zuen kontzertua gogoangarria izan zen. 30.000 lagun inguru izan ziren han, musikari irundarraren 40 urteko ibilbidea ospatzen. Bihar, hilak 11, ETB1en, Eitb.eus atarian eta Primeran plataforman eskainiko dute zuzenekoa, 22:00etatik aurrera.
Muguruzak iazko abenduan abiatu zuen nazioarteko bira, eta Gipuzkoako hiriburuko estadioan eskainitakoa egun handienetarikoa izan zen. Bere ibilbide musikalaren kanta esanguratsuenak izan ziren entzungai emanaldi berezi horretan, eta lagun dituen artista ugari gonbidatu zituen oholtza gainera: Gorka Urbizu, Itziar Ituño, Jon Maia, Xabi Solano, Kaki Arkarazo…