Kolonizatutako landako hirien iruditeria ikusgai dago San Telmo museoko Laborategian
Jose Manuel Juan Soto argazkilariaren 'Landa arrazionalismoa' bilduma azaroaren 23a arte egongo da bertan. Arkitektura arrazionalista du ardatz.

San Telmo museoan ikusgai dago Jose Manuel Juan Sotoren Landa arrazionalismoa irudi bilduma. 1945 eta 1970 urteen bitartean Espainiako Estatuan sortutako kolonizazio herrietan egindako argazkien aukeraketa bat biltzen du. Iñaki Bergera da komisarioa eta azaroaren 23ra arte ikusgai izango da Laborategia aretoan.
Instituto Nacional de Colonizacion (INC) zelakoak 300 bat kolonizazio herri eraiki zituen, Espainiako Estatuko arro hidrografiko nagusietan banatuta; eta 55.000 familiak kolonizatu zituzten herri berri horiek. Arkitekturak frankismoaren idearioari erantzun behar zienez, erakundean lan egin zuten arkitekto eta teknikariek mugimendu arrazionalistan oinarritutako nazioarteko ereduak hartu zituzten eredu. Gaur egun eraldatuta bada ere, herri horietako askok bizirik jarraitzen dute.
2018an, José Manuel Juan Soto argazkilaria proiektu bat lantzen hasi zen,herri horietako arkitektura, kolono eta langile etxeen tipologia desberdinak,elizak, administrazio-eraikinak eta espazio publikoak dokumentatzeko asmoz. Landa arrazionalismoa 25000 kilometro baino gehiagoko bidaia da, eta irekita jarraitzen du, arkitektura arrazionalista atzematen saiatuz. Erakusketa 2024an aurkeztu zen Photo Españan, Madrilgo Arkitektoen Elkargin.
Bergeraren esanetan, “XX. mendearen erdialdeko hamarkadetan aurrera eraman zen nekazaritza-kolonizazio erraldoia Espainiako arkitektura modernoaren nortasunaren adierazpenik onenetako bat da, tradizioa eta lurralde eta paisaia sentiberatasuna modernitatearen balio funtzional eta arrazionalekin uztartzen dituena”. Bildumari dagokionean, Juan Sotok, testuinguruarekin zerikusia duen guztia bazterturik, arkitektura horien inbentario tipologiko aberatsera bideratu duela dio, “modu aseptiko, arautu eta zorrotz batean, ia izaera taxidermikoko inbentario tipologiko bat osatu du, izugarri zabala”.
Erakusketaz gain, Juan Soto argazkilariak eta Susana Lorenzo diseinatzaileak Racionalismo de campo proiektuaz eta argazki-liburuaz hitz egingo dute, Encuadre racional izenburuko solasaldian. Azaroaren 15ean, 12:00etan egingo dute. Sarrera doakoa da aretoa bete arte. 12:00etan hasiko da jarduera, eta gaztelaniaz izango da.