Sexu esplotazioa salatu du Itaiak, Armeria plazan

Itaiak elkarretaratzea egin du larunbat arratsaldean Amara Berriko Armeria plazan sexu esplotazioa salatzeko. Ekintza horrekin erantzun diote atzo ezagutarazitako albiste bati: Isabel II. hiribideko etxebizitza batean prostituzio etxe ilegal bat desegin zuen Espainiako Poliziak eta bertan prostituta gisa lan egitera behartuta zeuden bost emakumezkoak aske utzi.
Gertakari horren aurrean adierazi dutenez, “milioika emakume langile sexu esplotazioaren biktima dira, eta kapitalistek haien egoera zaurgarria aprobetxatzen dute irabazi ekonomikoak eskuratzeko”. Milioika eta milioika euroko irabaziak eragiten ditu sexu merkatuak, baina indarkeria sistematiko hori “ezkutuan” gauzatzen dela azaldu dute.
Horren aurrean, guztientzat bizi baldintza berak aldarrikatu dituzte eta sexu esplotazioaren aurka borrokatzera deitu. “Sexu esplotazioa gaur eta hemen gauzatzen dute”, eta ondorioz, “guztion ardura” da sexu esplotazioaren aurka borrokatzea eta merkatu horren konplize orori aurre egitea.