Esker oneko hitzak eta hausnarketa batzuk, Goiaren azken prentsaurrekoan
Donostiako Udaleko informazioaren jarraipena egin ohi duten hedabideetako kazetariekin azken agurra egin du Eneko Goia alkateak astelehen goizean. Ostegunean utziko du kargua, eta, ziurrenik, hilaren 29an hartuko du alkatetza Jon Insaustik.

Ostegunean, hilaren 16an, Politika Orokorreko Udalbatzarra egingo dute udaletxean, urtean behin egin ohi dena, eta bertan utziko du alkatetza Eneko Goiak, hilabete hasieran iragarri zuen moduan. Horren atarian, prentsarekin agur ekitaldi bat antolatu du gaur, hilak 13: prentsaurreko labur bat eskaini du lehenik, eta gosaria partekatu du ondoren bertaratutako kazetari eta argazkilari ugariekin.
Prentsaurrekoan, “eskertuta” agertu da prentsarekin: “Ez zaizkit beti gustatu jarri dizkidazuen titularrak, baina ondo tratatua sentitu naiz, oro har”. Era berean, hausnarketa “serioagoa” ere egin du: “Muturreko posizioek zarata egiten duten momentuan, joera da pentsatzea politikari guztiak alprojak direla eta kazetari guztiek gezurrak esaten dituztela. Horri aurre egin behar zaio eta horretara animatzen zaituztet”.
Ildo beretik, nazioarteko egoeraz galdetuta, deitoratu du “nahasia” dela, eta AEBetan, Latinoamerikan eta Europan ematen ari diren fenomenoekin “kezkatuta” agertu da, Donald Trumpi eta bere inguruko lider politikoei erreferentzia eginez: “Ikusten ari garen fenomenoak beldur pixka bat ematen du, baina, agian, eusteko momentu historiko batean gaude, printzipio sendoak edukitzeko momentu batean, nahiz eta ez dagoen modan. Gauzak aldatzen dira”.
Insaustiren aginte makila
Jakina denez, Jon Insausti zinegotzi jeltzaleak hartuko du Donostiako aginte makila. Oraindik ez dago zehaztuta hori noiz izango den, baina Goiak adierazi du ziurrenik hilaren 29an izango dela. Azaldu duenez, ez dago guztiz euren esku, hauteskunde batzorde orokorrak kredentzialak bidali behar ditu lehenik, behin Goiak kargua utzita; horren araberakoa izango da behin betiko dataren zehaztapena. Ostegun honetan Goiak kargua utzi eta Insaustik hartu bitartean, Nekane Arzallus izango da behin-behineko alkatea.
Alkateak azaldu du hamar urteotan egindakoaren eta hiriaren egoera orokorraren balantzea egingo duela osteguneko udalbatzarrean, baita etorkizunera begirako erronkei buruz hitz egingo duela ere. Argi dauka oposizioko alderdien “kritikak” jasoko dituela ostegunean ere: “Hiriaren inguruko ikuspegiari dagokionez, guztiz iritzi desberdinak ditugu. Eta ez zait gaizki iruditzen, hori da pluraltasun demokratikoa”.