'Tea' film laburrak irabazi du Donosskino jaialdiko sari nagusia

Donosskino Donostiako Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak banatu ditu bere sariak; eta bederatzigarren aldi honetan, Blake Winston Ricek zuzendutako Tea aukeratu dute film labur onena. Lucia Baskaran idazleak, Naiara Arnedo aktoreak eta Carlos Miñondo kritikariak osatutako epaimahaiak nabarmendu du “gidoiaren originaltasunagatik, komedia bereziagatik, ustekabeko birengatik eta amaiera borobil eta zoriontsuagatik”.
Euskal Herriko film labur onenaren saria Javier Celay zuzendari nafarrak lortu du Tito lanagatik, Ane Gabarain eta Roman Rymar protagonista dituen film laburrak bi pertsonen arteko tentsioz beteriko topaketa kontatzen du, buru osasunaren eta etxegabetzeen gaiak uztartuz. Halaber, publikoaren saria zuzendari nafarra duen beste film labur batentzat izan da, Diego Fandos-en 29 de febrero, Ramon Barea eta Zorion Eguileor protagonista dituena, eta Donostiako Antzoki Zaharrean egindako hiru saioetan boto gehien jaso dituena izan da.
Aktore onenaren saria, berriz, Ana Wagenerrek eskuratu du Líbranos del mal filmeak egindako lanaren “indarragatik, begiradekin eta isiluneekin bere pertsonaiaren emozio guztiak transmititzeko gaitasunagatik”.
Donosskino Kristonkino elkarteak antolatzen du, Donostiako Udalaren, Donostia Kulturaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.