EH Bilduk lanean jarraituko du Altzako kiroldegi ondoan utzita dagoen lursailari irtenbide bat emateko

Altzako kiroldegiaren eta Harri Berri-Oleta ikastetxearen arteko lursailak utzita jarraitzen duela ohartarazi du EH Bilduk. “Utzikeria ulergaitza da, ulergaitza den moduan bizilagunek auzolanean partzela txukuntzeko antolatu ostean udal gobernuaren errieta jasotzea. Gure aldetik, lanean segitzeko konpromisoa berretsi nahi diegu altzatarrei”, adierazi du udal taldeak.
Hain zuzen ere, Altzako hainbat herritarrek lursaila garbitu zuten auzolanean, hilabetearen hasieran. Ordea, udal gobernuak prentsaren bidez kritikatu zituen herritar horiek, “arduragabekeriaz” jokatu zutela adieraziz. Kritikak kritika, udalak ez du lursaila garbitzeko neurririk hartu. Hori dela eta, EH Bilduk interpelazio bat aurkeztuko du asteleheneko udal batzordeetan.
“Espazio hau utzita dagoen bitartean, gero eta arriskutsuago bilakatzen doa denboraren eta naturaren poderioz, lehendik ere hautsita zeuden eskailerak hautsiago, hesiturak eroriago eta belarrak janago baitago eremua. Beraz, itxita jarraitzen du auzoarentzat pasabide naturala zen espazioak, eskudunak diren instituzioek horretarako baimenak eman eta egin beharreko lanak egin zain”, deitoratu du udal taldeak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari dagokio partzela honetan egin beharreko lanen baimenak ematea, amiantoaz kutsatutako eremua baita, inguru guztia izan den moduan. “Urtebete baino gehiagoren ostean ez da emaitza berririk ikusten. Beste batzuetan gertatu izan den moduan, herritarrek ardura eta prestutasuna adierazi dute, instituzioei aurrea hartuz: inguruko bizilagunek auzolanean eremua garbitu dute, auzunearen erdigunean den eremua galtzen ari baitzen, instituzioen tardantzaren ondorioz. Dei egiten diogu EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari ez dadila eskumenen aitzakietan babestu, eremuaren mantenua udal ardura delako”, nabarmendu du EH Bilduk.
1.100 sinadura
Ildo beretik, udal taldeak jakinarazi du, auzolanaren ondoren, bizilagunek 1.100 sinadurarekin babestuta, beharrezkoak diren baimenak, prebentzio neurriak eta egin beharreko inbertsioak egin daitezen eskatu diotela Donostiako Udalari. “Izan ere, eremua amiantoz kutsatuta dagoen arren, partzelara sartzeko itxiturak apurtuta daude eta sartzeko debekua adierazten duen kartelik ere ez dago”, azaldu dute.
EH Bilduren ustez, udalak jarraitu behar du Jaurlaritzari partzela honen lanak egiteko baimena eskatzen. Bestalde, lanak egiteko baimenak iritsi bitartean, udalak partzela horren segurtasuna eta garbiketa bermatu behar duela diote.