Gizonezko bat atxilotu dute Antiguako hotel batean lapurtzeagatik

28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igande arratsaldean Ertzaintzak, Antiguako hotel bateko gelan lapurtzea egotzita. Atxilotua teilatura igo zen, eta fatxadatik gelako terrazara jaitsi eta barrura sartzera zihoanean harrapatu zuten.
Herritar batek ikusi zuen gizonezkoa teilatuan, eta agenteei deitu zien. Beraiek ikusi zuten gizonezkoa, zuzenean, bi gela banatzen zituen balkoiko hesiaren gainetik salto egiten. Agenteak ikustean, berehala makurtu zen, baina ezin izan zuen ihes egin: ertzainak gelara sartu ziren, eta balkoian aurkitu zuten, kalera begira, disimuluan. Harrerako langile batek giltza eman ziola adierazi zien agenteei. Bada, ez zegoen giltzarik, eta logela beste bezero baten izenean zegoen.
Indarra erabiliz lapurreta egitea egotzi diote, eta horregatik atxilotu dute. Ertzaintzak jakitera eman du gizonezkoak aurrekariak dituela jabetzaren aurkako egitateengatik, eta atzo, astelehena, agintari judizialaren eskuetan jarri zuten.