Igeldoko udal pilotalekua berritzeko lanak bukatu dituzte

Donostia Kirolak jakinarazi duenez, bukatu dira Igeldoko udal pilotalekua berritzeko lanak. Maiatzean hasi ziren, eta duela egun gutxi amaitu dute obra. Beraz, frontoia dagoeneko erabilgarri dago. Construcciones Echaide enpresa arduratu da lanez, eta kostua 118.559 eurokoa izan da. Igeldoko herritarrek aurrekontu parte hartzaileen bidez eskaturiko proiektu bat da.
Egindako obrari dagokionez, helburu nagusia zen euri urik ez sartzeko itxitura jartzea, bai alboko fatxadaren eta estalkiaren arteko zuloaren bidez, bai aldameneko urbanizazioaren bidez. Gainera, frontoiaren kanpoaldeko fatxadak eta ezkerraldeko pareta saneatu eta margotu dira, baita frontisaren gainean txapazko itxitura bat jarri ere, instalazio horretan eguzkitan sortzen ziren itsualdiak konpontzeko.
Igeldoko pilotalekua 1912an inauguratu zen, ageriko frontoi gisa. 1994an estalkia instalatu zen eta, 2001ean, alboko eta atzeko itxitura egin zen, orain hobetu dena.