«Nork gobernatzen du Internet?», Euskarabildua jardunaldietarako galdera

XXI. mendean, korporazio teknologiko handiek —Google, Meta, Amazon, Apple, Tesla— aberastasuna pilatzeaz gain, “datuak bildu, narratibak moldatu eta nazioarteko sistemaren arauak berridazten” dituztela uste du Iametzak. Institut Cerdàren arabera, 2024an hodeiko zerbitzuen fakturazioaren %67 AEBko hiru enpresatan soilik kontzentratu zen, eta Interneteko bilaketen %82 Googlen bidez egin ziren.
Errealitate horren aurrean, Euskarabilduak gogoeta bat planteatzen du: “Nork hartzen ditu erabakiak interneten? Zer interes daude jokoan? Zein da euskal komunitate txikien tokia, aukera eta zeregina sare global horretan?”.
Horregatik, aurtengo Euskarabilduaren 14. edizioak, Interneten gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean izango du hizpide. Jardunaldiak 2025eko azaroaren 4an izango dira, Donostiako San Telmo Museoan, 9:00etatik 14:00etara. “Nork gobernatzen du internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean” da aurtengo edizioaren leloa.
Nazioarteko eta bertako hainbat adituk hartuko dute parte: Manuela Battaglini, Cristina Caffarra, Amadeu Abril, Josu Waliño, Iratxe Esnaola, Elixabete Garcia, Aitor Soroa, Lorea Arakistain eta Asier Etxeberria.
Aurten, gainera, lehen aldiz, ‘Erakusleihoa’ atala sortu dute antolatzaileek jardunaldiaren baitan, teknologia burujabetzarekin zerikusia duten proiektuak ezagutzera emateko.
Streaming eta izen ematea
Jardunaldia zuzenean jarraitu ahal izango da EITBren bitartez. Izen ematea doakoa da, eta dagoeneko irekita dago Euskarabildua.eus webgunean.
Euskarabildua dibulgazio jardunaldi bat da, euskara eta teknologia uztartzea helburu duena, gizartean eragiten duten eta Euskal Herrian burujabetza digitala eta linguistikoa sustatzea ahalbidetzen duten ekimen berritzaileen hausnarketarako eta hedapenerako gunea. 2012tik antolatzen dute Iametzak, Argia-k eta Ametzagaiñak.