Okendo aldeko urbanizatze lanak aztertuko ditu Uliako Auzo Elkarteak

Okendo aldeko urbanizazio lanei buruzko hitzaldia emango du ostegunean Uliako bizilagunen elkarteak Okendo Kultur etxean, 19:00etan. Bertan aztertuko dituzte Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren inguruan aurrera daramatzaten urbanizazio esku hartzeak.
Izan ere, iraila amaieran auzo elkarteak udalari bidalitako gutun batean jaso zuenez, lan horiek ez daude Okendo aldeko plan berezian jasota eta, gainera, 2010etik indarrean dagoen plan orokorraren “kontrakoak” dira. Are gehiago, bertan onartu ziren Nafarroa hiribidetik gora egiteko eskailera mekanikoak jartzea edota Rodil bidearen bi aldeetan espaloia jartzea.