Palestinaren aldeko lanuzte orokorreko mobilizazioak Donostian

Hego Euskal Herriko bederatzi sindikatuk lanuzte orokorrera deitu dute biharko, hilaren 15erako, Palestinaren alde eta Israelgo Estatu sionistaren aurka: LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde, Hiru eta Solidarik, hain zuzen ere. Hezkuntzan, aldiz, greba orokorrera deitu dute eta, horrez gain, ELAk ere lanuztera deitu du, baina gainontzeko sindikatuekin bat egin gabe, baizik eta bere aldetik. Horrela, hainbat mobilizazio egingo dituzte Donostian horren harira. IRUTXULOKO HITZAk ere lanuzte orokorrarekin bat egingo du, eta soilik horren berri emango du asteazkenean webgunean.
Hezkuntzan kenduta, hiru orduko lanuztera deitu dute gainontzeko arloetan, eta lanuzte nagusia 11:00etatik 14:00etara izango da. Horrela, ordu tarte horretan izango da manifestazio nagusia: 12:30ean, Bulebarretik abiatuta, aipaturiko bederatzi sindikatuek deituta. Horren harira, hiru zutabe antolatu dituzte: 11:30ean, Amara Berriko Pio XIIaren plazatik abiatuko da bat; ordu berean, beste bat aterako da Saguestik eta, 11:45ean, hirugarren bat abiatuko da, Antiguako tuneletik.
Manifestazio nagusiaren aurretik, 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute sindikatu guztiek, ELAk barne, Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Horren ondoren, 11:30ean, ELAk bere mobilizazio propioa egingo du, leku beretik abiatuta. Eta, 12:00etan, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak manifestazioa egingo du, Bulebarretik aterata.
Arratsaldean ere
Arratsalderako, bi deialdi daude aurreikusita Donostian. Lehenik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestaziora deitu du 18:00etarako, Pio XIIaren plazatik abiatuta. Bestalde, Gernika-Palestina herri ekimenak eltze jotzea antolatu du 19:30erako, udaletxearen aurrean.