Ikasle Abertzaleak antolakundeak Parte Zaharreko kaleak bete ditu, Palestinaren alde

Palestinaren aldeko lanuzte orokorraren harira, greba orokorrerako deia zegoen eginda hezkuntzan, eta asko izan dira horrekin bat egin eta kalera atera diren ikasleak. Askok sindikatuen deialdi orokorrarekin bat egin dute, baina beste askok Ikasle Abertzaleak (IA) ikasle antolakunde sozialistak deitutako manifestazioan parte hartu dute.
12:00ak pasatxo abiatu da ehunka lagun bildu dituen IAren mobilizazioa, Bulebarretik, sindikatuen manifestazio orokorrera zihoazen zutabeak heltzen ari zirenean. Parte Zaharrean barrena ibili dira Palestinaren aldeko eta Israelgo Estatu sionistaren aurkako aldarrikapenak egiten, Trinitate plazan bukatu arte.
“Milaka ikaslek Euskal Herriko kaleak hartu ditugu Israelgo Estatu sionistaren suntsipena aldarrikatu eta palestinar erresistentziari babesa adierazteko. Mendebaldeko agintarien hipokrisia seinalatu eta Israelen boikota bultzatu behar dugu”, nabarmendu dute.
Jarraian, manifestazioko irudi bilduma ikus dezakezue:































