Milaka lagun atera dira kalera Palestinaren alde Donostian
Palestinaren aldeko lanuzte orokorra egiten ari dira milaka herritar. Donostian, eguerdiko manifestazio nagusian zein aurretik, jendetza atera da kalera. 18.000 lagunek hartu dute parte manifestazioan, antolatzaileen arabera.

Hego Euskal Herriko bederatzi sindikatuk lanuzte orokorrera deitu dute gaurko, Palestinaren alde eta Israelgo Estatu sionistaren aurka: LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde, Hiru eta Solidarik, hain zuzen ere. Hezkuntzan, aldiz, greba orokorrera deitu dute eta, horrez gain, ELAk ere lanuztera deitu du, baina gainontzeko sindikatuekin bat egin gabe, baizik eta bere aldetik.
11:00etatik 14:00etara da lanuzte nagusia, eta, goizetik, lanuztearen eragina nabaritu da hiriko kaleetan, nagusiki, mobilizazioengatik. 12:30eko manifestazio nagusiaren aurretik, hiru zutabe antolatu dituzte sindikatuek, eta denak oso jendetsuak izan dira: Sagueskoa, Amarakoa eta Antiguakoa. Azken hori bereziki jendetsua izan da, Ibaetako campuseko unibertsitateetako ikasle askok hartu baitute parte.

Palestinaren aldeko lanuzte orokorreko manifestazio nagusiaren aurreko Antiguako zutabea.Joseba Parron San Sebastian
Manifestazioa abiatzeko orduaren aurretik, jendetza zegoen Bulebarrera bidean. Zenbait lantokietako langileak saltokien atarian zeuden, baita, esaterako, aldundiaren jauregi aurrean ere. Sol Band talde gazatarrak zenbait abesti eskaini ditu kioskoan eta haren inguruan ere ehunka lagun zeuden mobilizazioa abiatu baino ordu erdi lehenago. Horietako askok, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakunde sozialistak leku horretatik irtenda egin duen manifestazioan parte hartu dute.
Zutabeak iristen joan dira, bere kabuz heltzen joan direnekin elkartu, eta Bulebarra betetzen joan da. Atzeratzen joan da irteera, eta oso mantso egin dituzte Hernani kalean barrena lehen metroak. Buruan, Sol Band taldeko kideak joan dira beste herrikide batzuekin batera, manifestazioaren buruan, Palestinako bandera erraldoi bati helduta. Horren atzean, sindikatuen ordezkariek zeramaten No al negocio con el genocidio. Langileok palestinarekin. Dozenaka Palestinako bandera, afixa, kufiyak, ikurrin batzuk, herri indigenena… kaleak bete dituzte. Antolatzaileen arabera, 18.000 bat lagunek bat egin dute mobilizazioarekin. Familiak, gazteak, helduak eta zaharrak; askotarikoak ziren partaideak.
Antolatzaileen arabera, 18.000 bat lagunek bat egin dute mobilizazioarekin. Familiak, gazteak, helduak eta zaharrak; askotarikoak ziren partaideak.
Askatasuna hiribidera heltzean bi errepideak hartzeko eskatu diete antolatzaileek partaideei. Alde batean, pankarta eta bestean bandera. Hala egin dute bidea Argentinako errepublika kalera heldu arte. Bidean, hainbatetan gelditu dira, atzetik zetozenei lekua egiteko. Maria Cristina hotelaren aurrealdean zeudela, oraindik ere ehunka lagun irteteko zain zeuden Bulebarrean.
Kioskoan batzen joan da jendea adierazpena entzuteko. Palestinako bandera zoruan jarri eta haren inguruan pilatzen joan da jendean. Bidean zirenak iritsi artean, Sol Bandek beste abesti bat eskaini du, atzean pankarta eusten zuten kideak zituztela. Ondoren, antolatzaileetako batek eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta lanuztean parte hartu duten langileei, deialdiarekin bat egiteagatik. “Kolonizazioa salatu eta Palestinako herriari gure elkartasuna adierazi diogu modu masiboan. Euskal langileok langile palestinarrekin bat egiten dugu. Euskal Herriak palestinarren borrokarekin bat egiten du”, adierazi du eta txalo zaparrada batekin erantzuten dute inguruan zeudenek.
Euskal Herrian bizi den Jehad palestinarrak ere hitz batzuk esan ditu jarraian. “Borroka egun honetan euskal langileria eskertu nahiko nuke Israelgo Estatuaren basakeria genozida salatu eta nire herriaren sufrimendua elikatzen duten enpresak eta patronal guztia interpelatzeko asmoz egin duzuen lanuzte orokorragatik”, hasi du bere hitzartzea. Bere herriak bizi duen egoera “jasanezinaren” berri ere eman du. “Egunero, hiltzen gaituzten bonbak erortzen ikusten ditugu, familiak lekualdatzen eta oinarrizko eskubideak suntsitzen dituztenak, hala nola ur edangarria, jakiak, arreta medikua, saneamendua, hezkuntza edo lanerako eskubidea ukatzen digutenak. Eskubide horien ukapena gerra arma gisa erabiltzen ari dira, herri palestinarra zigortzeko nazioarteko komunitatea ia osoa beste alde batera begira dagoen bitartean”. Israelgo gobernuak eta Hamasek azken egunetan lortutako bake akordioaren aurrean, “justiziarik gabeko bakeri” onartuko ez dutela esan du. “Sionismoaren zigorgabetasunaren aurre egin behar diogu: suntsitu behar duen guztia berreraiki, errudunak epaitu eta palestinar herriarentzat justizia sozialaren eta askatasunaren nazionalaren ortzi muga argitu”.
Jehad palestinarrak ere hitz batzuk esan ditu: “Borroka egun honetan euskal langileria eskertu nahiko nuke Israelgo Estatuaren basakeria genozida salatu eta nire herriaren sufrimendua elikatzen duten enpresak eta patronal guztia interpelatzeko asmoz egin duzuen lanuzte orokorragatik”
Azkenik, sindikatuen ordezkari batek irakurri du deitzaileen irakurketa. Esker hitzen ondoren, mobilizazio honen bidez euskal langileriak egin dituen bost aldarrikapen zerrendatu ditu: Palestinako herriari langile klasearen elkartasuna adierazi; Israel, AEBtako gobernuaren babesarekin, Palestinan egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea, Zisjordaniaren kolonizazio eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak gaitzetsi. “Gazan berehalako genozidioaren amaiera exijitzen dugu eta kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integral bat eskatzen dugu. Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea izan dezan”. Halaber, patronalari eta erakundeei Israelgo estatuarekin harreman komertzial oro eteteko galdegin diete. “Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea”, baita Europako Batasunak Israelekin duen elkartze hitzarmena “bere osotasunean” etetea ere.
Eguerdikoa izan da mobilizazio nagusia, baina, horrez gain, aipatu moduan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak bere manifestazio propioa egin du Bulebarrean 12:00etatik aurrera, eta sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Lehenik, sindikatu guztiak (ELA barne) elkarretaratu dira, eta, ondoren, ELAk bere elkarretaratze propioa egin du, eserialdia eginez.
Hemen daukazue Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindako irudi bilduma:






















