Easoko trenbide eremurako proposamenak bildu dituzte erakusketa batean

Egun Easoko trenbide eremua denean zer eraikiko den erabakitzeko lehiaketa publiko bat abian da. Zabalgune erromantikoa eta Amara josteko aukeren artean bost proiektu saritu dituzte eta horien berri herritarrei emateko erakusketa bat antolatu du Euskadiko Arkitektura Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Hurrengo geltokia: Amara-Easo izenburupean, azaroaren 14a arte ikusgai dago suhiltzaileen etxe zaharrean —Easo kalea, 43— asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Gainera, aurkezpen publiko bat aurrera eramango dute Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan hilaren 25ean, larunbata, 11:00etan. Jardunaldian, hiru estudio finalisten ordezkariek —PAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta Beldarrain estudioak— beren proposamenak aurkeztuko dituzte eta eztabaidarako tartea izango da, herritarrek eremuaren etorkizunari buruzko euren galderak eta ikuspegia parteka dezaten.
Erakusketa-ibilbideak panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu, lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izan ditzaten bisitariek. Gainera, sarrerako panel batek jarduteko eremuaren historia eta trenbideak lurperatu ondorengo etorkizuneko plana jasotzen ditu, hiri-eraldaketa handi horri testuingurua emateko.
Maketak, planoak, panelak eta errealitate birtuala uztartzen dituen ibilbidea proposatzen du, herritarrek auzo berria nolakoa izango den imajina dezaten. Zabalgune erromantikoa eta Amara auzoa josteko erronkari erantzuten dioten lehiaketa publikoan saritutako bost proposamenak biltzen ditu erakusketak:
- Habitar el bosque urbano, JPAM City Makers (Amado Martín, Jorge Perea eta Samuel Llovet): Proposamen garaikide eta fresko honek modernitatea eta errespetu historikoa uztartzen ditu; parke handi bat eta etxebizitza-mota askotarikoa proposatzen ditu.
- Kalerik kale plazarik plaza, RAZ y Usandizaga (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga): Metropoli-bokazioa eta hiri-anbizioa ditu, eta proposamena da erdigunean parke handi bat egitea, ibaiaren bidea lurperatzea eta hiriko dorre bat altxatzea.
- Hari berdez hiria josi, Beldarrain estudioa: Parkean ekipamenduak dituen eraikin sigi-sagatsua bat proposatzen du, hirian lotutako bizitza-eredu jasangarria sustatuta.
- Que los árboles nos dejen ver el bosque, Acha Zaballa Arquitectos:
Planteamendu kontzeptual eta probokatzailea, paisaiaren eta hiri-dentsitatearen arteko orekaren inguruan hausnartzen duena. - Lotzenari, KREAN Ingenieria y Arquitectura: Proiektu tekniko eta sendoa da, Autonomia kalerantz irekitako plazak proposatzen ditu eta oso ikuspegi zehatza, eremuaren eraikitze- eta funtzio-soluzioei dagokienez.
JPAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta Beldarrain estudioaren proposamenak lehiaketako bigarren fasera pasatu dira, eta haien maketek —3Dn inprimatuta— aukera ematen dute modu errealistan ikusteko nola egikaritu litezkeen ideia horiek. Errealitate birtualaren esperientziaren bidez, bisitariek proiektuetan barrena ibiltzeko aukera izango dute, eta hobeto ulertu ahal izango dute nola integratuko diren Amara-Easo inguruan.
Asmoa, ordea, ezagutzera ematetik haratago doa, elkarrizketa eta herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Hala, horretarako prestatutako gunearen bidez, eremu berri horrek izan beharko lituzkeen ekipamendu, espazio eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak bilduko dituzte. Ekarpen horiek aztertu egingo dira, eta lehiaketaren bigarren fasean baloratuko da talde finalistek zer gaitasun duten iradokizun horiek beren proposamenetan txertatzeko; herritarren ekarpenak behin betiko proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuta. “Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita”, adierazi dute arduradunek. Horrez gain, online inkesta bat prestatu da Mugak/ Bienalaren webgunean proiektuaren zuzkidurei buruzko balorazioak, kezkak eta iradokizunak biltzeko, hala etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko.
Erabakia 2026ko udaberrian hartzea aurreikusten dute. Orduan, aukeratutako proiektuaren taldeak idatzi beharko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala; udalak onartu eta tramitatu beharko duena. 21.000 metro koadroko eremua eraldatuko duen hiri proiektu jasangarriaren lanak, babestutako 400-500 etxebizitza barne, berriz, 2030ean has daitezkeela uste dute arduradunek.