Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Juan Jose Millas eta Laura Txibite egongo dira Literaktum jaialdian

Donostia Kultura udal erakundeak antolatutako Literaktum jaialdia azaroaren 10etik 23ra egingo dute, antolatzaileek azaldu dutenez, “jatorrizko helburuari eutsiz”: “Literaturara hurbiltzea, egungo eztabaidei zein bestelako lengoaia eta diziplinei lotuta”.
Ildo honi jarraituz, Niaren oihartzunak: bakardadea eta nortasuna aro globalean izango du izenburua aurtengo jaialdiak: “Nola definitzen dugu geure burua mundu global batean? Bakardadea gero eta ohikoagoa da, eta nortasuna, askotan, galdua edo zatitua ageri zaigu. Literaturaren bidez, niaren oihartzunak entzun nahi ditugu, barrutik kanpora eta kanpotik barrura”.
Azaroaren 4an emango dute jaialdiaren egitarau osoaren berri, baina dagoeneko aurreratu dituzte lehenengo lau izenak: Juan Jose Millas, Ese imbécil va a escribir una novela eleberriarekin (azaroak 12, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean); Eider Rodriguez, Dena zulo bera zen ipuin bildumarekin (azaroak 14, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean); Harkaitz Cano, Silueta nobelarekin (azaroak 19, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean) eta Laura Txibite, El ataque de las cabras bere lehen eleberriarekin (azaroak 20, 17:30ean, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean).