Elkarretaratzera deitu du Iñurrik iganderako, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da igandean, hilak 19, eta Iñurri elkarteak, Espainiako estatuko beste elkarte batzuekin elkarlanean, elkarretaratzera deitu dute, “osasun sistema publiko duina” aldarrikatzeko. “Bularreko minbizia ez da arrosa” lelopean egingo dute, lazo arrosaren erabilera komertziala salatzeko.
Iñurrik jakinarazi du lazo arrosarekin egiten diren publizitate estrategiak direla medio, horiekin lortutako dirua ez dela ikerketara bideratzen. Lazo arrosa batek ez duela sendatzen: “Lazo arrosak ez gaitu sendatzen, borrokalariak edo ausartak garela esateak sendatzen ez gaituen moduan. Ikerketak, hautemate goiztiarrak, ongi egindako protokoloak, finantzazio publikoak, kontzientziazioak eta medikuarenera garaiz joateak sendatzen gaitu” , adierazi dute. Hala, osasun publikoko arazotzat tratatu dadila aldarrikatu nahi dute igandean, eta egunero.
Igandeko kontzentrazioen helburua “fokua benetan hobetu daitekeen horretan jartzea” da — ikerketa, zaintza eta prebentzioa, besteak beste—, eta hildako emakumeak oroitzea. “Ez direlako zenbakiak, istorioak, loturak eta gabeziak baizik, guztioi zeharkatzen gaituztenak”.
Babesa eta elkartasuna Andaluziari
“Haserrea eta kezka” aipatu ditu elkarteak, “behaketa akatsen ondorioz” Andaluzian bularreko minbiziaren diagnostikorik gabe utzi dituzten milaka emakumeen egoeraz mintzatzean. Adierazi dute ez dela soilik akats tekniko bat, “erabaki-kate bat baizik”, eta erantzunleek ez diotela egoeraren larritasunari erreparatu.
Donostian, Bulebarreko kioskoan izango da elkarretaratzea, 12:00tan; eta, Donostiaz gain, Madrilen, Bartzelonan, Bilbon eta Valentzian deitu dituzte elkarretaratzeak, denak ordu berean.