La Oreja de Van Gogh taldea bueltan da, Amaia Monterorekin eta Pablo Benegas gabe

Zurrumurruak gero eta handiagoak ziren eta, azkenean, Donostiako La Oreja de Van Gogh (LODVG) pop talde arrakastatsuak ofizial egin du albistea: Amaia Montero abeslaria itzuli da taldera. Sare sozialetan gaztelania hutsean egindako argitalpen baten bidez eman dute Monteroren itzuleraren berri, estudioan grabatutako abesti baten bideoa argitaratuz; atzo eman zuten horren berri, Palestinaren aldeko lanuztea deituta zegoen egunean. Udaberri aldera kontzertu bira bat egingo dutela aurreikusten da.
Taldeak jakinarazi du, halaber Pablo Benegas gitarristak taldeko kide izaten jarraitzen duela, baina oraingoan ez dela oholtzara igoko, tarte batez “gelditzea” erabaki duelako, bere gertukoekin denbora gehiago pasatzeko eta erronka profesional berrietan murgiltzeko. Monteroz gain, beraz, Xabier San Martin teklatu jotzailea, Haritz Garde bateria eta Alvaro Fuentes baxu jotzailea igoko dira oholtzetara etapa berri honetan.
Monteroren itzuleraren inguruan, zera nabarmendu dute: “Gure adiskidetasunetik eta musikarekiko pasiotik jaio zen La Oreja de Van Gogh, eta, biak erabat berrituta, beste etapa bati ekingo diogu gure bidean”.
La Oreja de Van Goghek 1996aren bueltan hasi zuen bere ibilbidea, Donostian, arrakasta handia lortuz XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen lehenengo urteetan, bereziki. 2007an, Amaia Monterok taldea utzi zuen bakarkako ibilbidea abiatzeko, eta 2008tik, Leire Martinez izan da boskoteko abeslaria. Duela urtebete inguru, aldiz, iragarri zuten Martinezek ez zuela taldean jarraituko, abeslariak sinatu gabeko komunikatu baten bidez. Ordutik, handia izan da LODVG taldearen zaleen artean sortutako zalaparta eta, hasieratik, Monteroren itzuleraren inguruko zurrumurruak egon dira, orain baieztatu direnak.