Lanuztearen erantzun «masiboa» ikusita, greba orokorrera deitzeko baldintzak badirela berretsi du Palestinarekin Elkartasunak

Hego Euskal Herrian milaka pertsona atera ziren kalera atzo genozidioa behin betiko gelditzeko eta Israelekin harreman oro etetea eskatzeko. Donostian, esaterako, 18.000 bat lagunek parte hartu zuten sindikatuek deitutako manifestazioan eta arratsaldean Palestinarekin Elkartasuna eta Gernika-Palestina egitasmoek deitutako mobilizazioetara ere ehunka herritar batu ziren.
Palestinarekin Elkartasunak deitutako protestan, 500 bat lagunek Donostiako sarrera blokeatu zuten, 40 bat minutu iraun zituen eserialdiak eta auto ilara luzeak eragin zituen. “Ekimen desobedientearen” deitzaileek ekintzaren balorazioa egin dute, adieraziz, mobilizatzeko eta normaltasunarekin hausteko eguna izanik, langileek eskura duten tresna nagusietako bat hori dela: “Israelera doazen armen edota trenen ekoizpena etetea eta hiri zein herrietako normaltasunarekin haustea”.
Zentzu horretan, langileriak hori erabiltzeko borondatea erakutsi du. “Lanuzte partzial eta sinboliko batera deituta ere, era masiboan erantzun du”, eta Palestinaren alde ekoizpena blokeatu greba orokorrera deitzeko baldintzak badirela berretsi du. “Sindikatuek ez liokete langile askoren eskakizun horri entzungor egin behar”.
Bestalde, poliziaren jarrera salatu dute. Izan ere, Donostian komunikatu irakurri zuen pertsonaren atzetik joan ziren ertzainak dira ertzainak eta taberna batean atxiki dute beste kide batzuekin batera. Iruñean, aldiz, Israelen konplize diren enpresen aurkako seinalamenduak egiten ari ziren bitartean, manifestazioaren aurkako kargak egin zituen poliziak.