Mendebaldeko Saharari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu Goldatuk

Goldatu elkarteak Mendebaldeko Saharari buruzko jardunaldiak egingo ditu hilaren 20an, 21ean eta 22an. Zikloari izenburu hau jarri diote: Mendebaldeko Sahara. 50 urteko gatazka ahaztua, oroimena, erresistentzia eta etorkizuna. Groseko Okendo Kultur Etxean izango dira saio guztiak, 19:00etan. Fernando Vaquerizo Mundubat-eko kidea izango da aurkezlea.
Urriaren 20an, Erresistentziaren sustraiak: Saharar Herriaren historia eta testuingurua hitzaldia egingo dute. Mendebaldeko Sahararen historia, kolonizazioa, gerra, exodoa izango dute hizpide. Baita ere, egungo egoera errefuxiatu kanpamenduetan zein lurralde okupatuetan. Hizlariak izango dira Abdeslam Aomar Afapredesako presidentea eta Kristina Berasain kazetaria.
Urriaren 21ean, Emakume sahararrak: bizitza, duintasuna eta etorkizunaren eraikuntza hitzaldiaren txanda izango da. Emakumeen rola errefuxiatuen kanpamenduetan, erbestea, eguneroko bizitza, lidergoa eta komunitatearen eraikuntza errefuxiatuen artean nolakoa den azalduko dute.Fatma Mehdi Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Lankidetza ministroa eta Gurutze Irizar-Fatimetu gertakarien lekukoa izango dira hiztariak.
Urriaren 22an, Expolio y sostenibilidad: recursos naturales, derechos humanos y resistencia del pueblo saharaui saioa egingo dute. Lehenik, Ocupación S.A. dokumentala eskainiko dute, eta, ondoren, solasaldirako tartea hartuko dute. Yaguta Moulay SONREP-Baliabide Naturalen eta Ingurumenaren Babesaren Saharako Behatokiko presidenteak hitz egingo du.