Sagarraren festa berreskuratu dute Aieten

Sei urteko etenaldiaren ostean, Sagar Uzta festa berreskuratu dute Aieten, eta larunbat honetan egingo dute, hilaren 18an. Aieteko Lantxabe auzo elkarteak, Cristina Enea Fundazioaren Fruitondoan egitasmoak eta Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Sailak berreskuratu dute sagarraren festa, eta goiz osoko egitaraua prestatu dute. 2019ko urrian egin zuten azkenekoz Sagar Uzta jaia.
Lantxabek azaldu duenez,”erromeriak Katxola baserriko Sagar Uzta eta inguruko baserrietako aspaldiko ohitura baten berreskuratzea” du helburu: sagar helduak jasotzea, zanpatzea eta sagardo bihurtuko den muztioa egitea. Katxolako jatorrizko dolarea hondatuta dagoenez, dolare mugikor batekin egingo dute muztioa.
10:30ean hasiko dira, bertaratutako herritarrei Katxola baserria aurkeztuz. Jarraian, 11:00ak aldera, Miramongo sagastiko 253 sagarrondoetako sagarrak jasoko dituzte auzolanean eta, 12:00etan, sagarrak zanpatzen hasiko dira, aipaturiko dolarearekin. Amaitzeko, 12:30ak aldera, hamaiketakoa egingo dute. Bitartean, trikiti doinuek girotuko dute goiza Katxola inguruan eta haurrentzako jolasak egongo dira. Muztioa eta brindisa egin ondoren, bestalde, talde argazkia egingo dute.