Udalaren KUKU proiektuak Good Design Awards nazioarteko saria jaso du

Duen ikuspegi “berritzaile eta eraldatzaileagatik” jaso du udalak bultzatutako KUKU-Jakin-min Digitalaren eta Komunitatearen Laborategiak Australiako diseinuaren industriak ematen duen Good Design Awards saria. Ostiralean, hilak 17, ospatuko dute Bidebietan, proiektua bertan garatu baita. Sari banaketa, ordea, Sydneyn (Australia) izango da.
2023ko urritik 2024ko ekainera bitartean garatu zen KUKU proiektua, eta batez beste 75 urteko 25 pertsonek hartu zuten parte; teknologia eta komunitatea uztartzen zituen sorkuntza proiektu baten parte izan ziren. Hala, Telegram edo Chat GPT tresnak erabiltzen erakutsi zieten, saio desberdinak baliatuz.
Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi ordezkari Mariaje Idoetak azaldu duenez, “ekimen hau zahartzeak planteatzen dituen erronkei eta aukerei aurre egiteko udal-estrategiaren barruan kokatzen da, eta adinekoen papera sustatzen du konponbideak bilatzeko, kasu honetan eraldaketa digitalari lotuta”. Hala, proiektua garatu eta gero, emaitza positiboa izan dela esan dezakete: parte-hartzaileen % 65ak jakin-min handiagoa du orain eta % 43a mundu digitalera “irekiagoa” sentitzen da, besteak beste. Horrek argi adierazten du, hala, alor digitalarekin harremana sendotu egin dela, nolabait.
Mundu hobe bat eraikitzeko diseinatutakoak
Munduko sari ospetsuenetako bat da Good Design Awards, diseinuaren eta berrikuntzaren arloan. “Diseinuaren erabilera, mundu hobea eraikitzeko, besteak beste produktuak eta zerbitzuak berrimajinatuz edo hiriak eta sistemak eraldatuz” izan da aurtengo gaia, sarietarako partaidetza aurkezteko.
Jaso dituzten proiektuekin pozik daudela adierazi dute antolatzaileek: “Aurten saritutako proiektuek erakusten dute ongi hausnartutako diseinu batek aldaketa esanguratsu bat sor dezakeela, besteak beste, bizi garen eta lan egiten dugun moduan edota gure planeta zaintzen dugun moduan”, nabarmendu du Rachel Wye Good Design Awards Australiako zuzendari nagusiak.
Kukutegia
2024ko ekainean ireki zuten Kukutegia, “jakin-minaren aldi baterako agentzia”. Bidebietan kokatutako lokal txiki bat da, eta bizilagunentzako topagune izan zen bi astetan zehar. Denbora horretan, jakin min maila neurtu ahal izan zuten, jolasen, inkesten eta elkarrizketen bidez. Hala, 26 eta 65 urte bitartekoak dira jakin min handiena dutenak, emaitzen arabera.
Esperientzia hori ardatz hartuta, antolatzaileek Bizi Bitxi proiektua jarri dute martxan: hori ere Bidebietan jarri da abian, jakin mina eta sormena oinarri hartuta.
Ospakizuna Bidebietan
Sari banaketa ofiziala hilaren 17an, ostirala, egingo dute Sidneyn. Hala ere, etxean ospatu nahi dute sustatzaileek lorpena, eta, horretarako, Kukutegia berriro irekiko dute ostiralean, 11:00etatik aurrera. Ekitaldi nagusia, ordea, 18:00etan izango da, eta publiko zabalera irekiko dute.