Bularreko minbizia dutenei ahotsa eta babesa eman diete gaur, Bulebarrean

Igandean izango da Bularreko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna, eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ekitaldi bat ospatu du gaur, Bulebarrean, gaixotasun hori pairatzen duten pazienteei “babesa eta ahotsa” emateko. Hala, giza sare bat egin dute kioskoaren ondoan, eta pazienteek adierazpen bat irakurri dute.
Ekitaldiaren helburua, elkarteak paziente horiekin duen konpromisoa ikustaraztea izan da, eta Arduratzen gaitu lelopean batu dira gaur Bulebarrean. Pazienteek, hala, zera esan dute, irakurritako adierazpenean: “Bularreko minbizia dutenen errealitateak arduratzen gaitu, filtrorik gabe, epaiketarik gabe, eta bizi dutena aitortzeko beharra ikusarazi nahi dugu. Ingurukoek, profesionalek, erakundeek eta gizarteak bularreko minbizia tratamendua amaitzen denean ez dela amaitzen ulertu behar dute. Bizitzak jarraitu egiten du, baina ez modu berean”.
Giza sarearekin, elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, ordea. Izan ere, laguntza, informazioa eta itxaropen espazioak sortzea garrantzitsua da minbizia pairatzen duten pertsonentzat. Horretarako, hala, nabarmentzekoa da pertsonen arteko konexioak sortzea, modu eraginkorrean lan egiteko.
Ekitaldia, San Jeronimon
“Bularreko minbiziaren errealitatea erakusteko ekitaldi” gisa bataiatu dute, Bulebarrean egindakoaren ondoren, San Jeronimo aretoan egindako hitzaldiari. Maria Muñoz Caffarel ikertzaile onkologikoak eta Andres Betran bularra berreraikitzen espezializatutako zirujauak hartu dute parte bertan, minbizia pairatzen duten pazienteekin batera. Nekane Arzallus alkatea eta Maite Peña diputatua ere, bertan egon dira.
Pazienteen testigantzak entzun, profesionalen hitzarekin batera: hori da, elkartearen ustetan, “sendatzeko, ulertzeko eta entzun ahal izateko” egokiena, eta hori da, hala, aretoan egin dutena.
Prebentzioaren garrantzia
Iaz egin bezala, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, kanpaina modukko bat jarri du abian Gipuzkoako hainbat udalerritako kirol zentro, kiroldegi eta gimnasiotan: bularreko autoexplorazio bat pausoz-pauso nola egin azaltzean datza, gometxen bitartez. Aldageletako ispiluen ondoan itsasi dituzte.
Ariketa hau kontzientziazio ariketa bat da, autoexplorazioak duen garrantziaren aurrean. Hala, elkarteak azpimarratu nahi izan du, autoexplorazioaz gain, garrantzitsua dela medikuekin harremanetan jartzea, edozein susmo izanez gero.