Herritik eta herriarena

Filma: Ombuaren Itzala
Zuzendaria: Patxi Bisquert · Urtea: 2025 · Herrialdea: Euskal Herria
Euskal kulturaren ikur garrantzitsua bada ere, ahanzturan eroria da Pello Mari Otaño. Bertsolariz osaturiko familia txiro batean jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bertsolaritza eta poesia landu eta bi opera libreto idatzi zituen, baita diasporako seme-alabei euskaraz ikasteko metodologia bat asmatu ere, beste askoren artean. Belaunaldi berriei, ordea, ezezaguna zaie haren figura.
Bada, memoria ariketari heldu dio Patxi Bisquert zinemagile, ekoizle eta Otañoren herrikideak. Bertsolari eta poetaren memoria berreskuratzeko, eta etorriko direnei haren ekarpena ezagutarazteko asmoz heldu zion proiektuari, auzolan erraldoi bati esker, herritik eta herriarentzat. Eta amaitu ere bai: baliabideak lortu, filmaren ekoizpena gidatu, zuzendu eta sustatu ere egin du. Dagoeneko 4.000 lagun inguruk —mezenas izandako horiek— ikusi badute ere, Donostia Zinemaldiko Zinemira atalaren abaroan izan du mundu estreinaldia Patxi Bisquerten Ombuaren itzala filmak.
Emigrantearen herriminetik eta herri zapaldu baten berpizkundetik eginiko bidaia jasoko du. 1876an, foruen abolizioaren ondoren, Argentinara ihes egin zuen Otañok. Bi urteren ostean bueltatu zen Zizurkilera, bereganako inolako peskizarik ez zegoela egiaztatu ondoren; baina, bizitza ateratzeko ezintasunaren aurrean, berriro jo zuen itsasoz bestaldera. Hamar urtez abere zaintza lanetan jardunda, gaixotu eta Euskal Herrira itzuli zen.
Une horretan abiatuko da filma: karlisten eta liberalen arteko liskarrak pil-pilean zeuden garaian, Otaño bere tokia aurkitzen saiatuko da. Madalen Alberdirekin ezkondu eta poesia idazten hasiko da, ordura arte lortua zuen oihartzun apur hori dimentsio berri batera eramanaz. Horrekin ere, ezin duenez bere familia eta izaera politikoa —liberal errepublikano eta foruzalea— mantendu, Argentinara itzuliko da azken aldiz, emaztearekin eta hiru seme-alabekin.
Pertsonaiari buruz bai, baina pertsonaren inguruan ezer gutxi zekien lantaldeak proiektua abiatzerako unean. Koldo Izagirrek (harena da gidoia) buruturiko dokumentazio lana, eta bere lorpenen baten inguruan idatzitako lauzpabost lerro berri paperen batean; Pedro Mari Otañoren pertsonaia aztertzeko eta egituratzeko ez zegoen, haren bertsoak besterik. Hain zuzen, bertso kantatuak dira pieza dokumentalaren hezurdura, eta bertsolariak —Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran, kasu—, jarri ditu antzezpen lanetan, aktore eskarmentudunekin batera. Azken horien artean, nabarmentzekoak —eta baita hunkigarriak ere— dira Joseba Usabiaga eta Sara Cozar protagonisten, zein Ramon Agirreren eta Iñaki Beraetxeren parte hartzeak.
Zinemagintza konbentzionalaren bide eta prozedura ohikoetatik at onduriko proiektua da honakoa —auzolanari esker eta baliabide zinematografiko urriekin ekoitzia—, eta ez litzateke bidezkoa ikuspegi zorrotz batetik aztertzea. Kontrara, errepara diezaiogun alderik alde konplitzen duen filmaren xedeari: poeta eta bertsolaria omentzea. Pello Mari Otaño berpiztu eta belaunaldi berriengana hel dadin bermatuko duen tresna ondu du Bisquertek, egoskorkeria miresgarriz; eta proiektua babestu duen herriari bueltatzen ari zaio orain. Bada, eman ta zabal zazu.