3.806 egun; hamar urte, bost hilabete eta egun bat eman ditu Eneko Goiak (Amara Berri, 1971) Donostiako alkatetzan. 2015ean heldu zen kargura, eta beste bitan errepikatu zuen garaipena, nahiz eta azkeneko legealdia ez duen osatuko; hilabete hasieran iragarri zuen alkate izateari utziko ziola, eta, bere ordez, Jon Insausti izango da hiriko alkate datozen bi urteetan, legealdiak aurrera jarraitzen baitu. Urteotan, herritarren babes gorabeheratsua izan du Goiak; izan ere, 29.029 botorekin hasi zuen lehen legealdia, 2019ko hauteskundeetan 34.065 boto jaso zituen, baina azkenekoan, 2023an, nabarmen murriztu zen, 24.539 botora. Alegia, 10.000tik gora boto galdu zituen.
Askorako ematen dute hamar urtek. Hiria askotariko kolorez jantzita ikusi du, eta bere irudi izan da jarduera berezi askotan. Hamar urte dira hamar Kontxako estropada, bost Korrika, hamar San Sebastian gau udaletxe zaharreko balkoian, eta hamar goiz, haur danborradari begira. Jai hori eraldatu du, tradizio zaharrari egokitzeko aukera eman baitio. Hala, 2020tik Easo Ederra mutil batek gorputz dezake eta Aitor Ikastola izan zen aitzindari.
Hartutako Donostia eta utziko duena ere ez da bera. Biztanleria hazten eta zahartzen ikusi du urteotan, 2.000 bat biztanle gehitu ditu eta horrek lotura du hirira etorri den atzerritarren kopuruarekin, puntu bat gora egin baitu epe horretan. Bestalde, hiri euskaldunagoa da, orain. Euskararen ezagutzak hazten jarraitzen du, ia %3 sei urtean; hala ere, hizkuntzak jasan ditu ere zenbait eraso. Euskararen aurkako oldarraldiak ez dio iskin egin hiriari, eta hartutako epaien artean Uliazpi fundazioari eta Udaltzaingoari eragin diotenak izan dira entzutetsuenak.

Turistifikazioak ere gora egin du, nabarmen, eta hori izan da, beste batzuen artean, kritika askoren oinarri. Beste kezka iturri nabarmen bat da etxebizitza. Jaioterrian edo auzoan bizitzea zaila da donostiar askorentzat: etxebizitza gutxi eta gero eta garestiagoak. Okerrera doan arazoa da gainera, ikusi besterik ez dago hamarkada bakarrean bikoiztu egin dela metro koadroaren bataz besteko salneurria. Ekonomiari lotuta, langabezia tasa aldakorra den datua izanik ere, hazi egin da ia hiru puntuan.
Testuinguru bereziak kudeatzea egokitu zaio Goiari, hala nola 2016ko Europako Kultur Hiriburutza edota COVID-19 gaitzaren pandemia; eta une zailago edo errazagoetan hamaika erabaki hartu eta beste hainbeste erronkari aurre egin behar izan die. Hiriaren zenbait inguru eraldatu dituzten garapenak izan dira, erdigunean Isuri Gutxiko Eremua zehaztu dute eta Tentsio Handiko Eremu bilakatu udalerria. Metroko obren hasiera ikusi du alkate gisa, baina ez ditu bukatzen ikusiko, ezta bere ekimena izan den Zientzia Hiria ere. Ondareari eragin eta kalapita sortu duten esku hartzeak ere izan dira; Nobu hotela, Hondalea edota Arte Ederrak eraikinaren afera, esaterako. Esan bezala, parte hartze aktiboa izan du proiektu askotan, eta horietako batzuk errepasatuko ditugu orriotan.
Hauek dira bere agintaldian nabarmentzen diren proiektu eta aferak:
Zmare · Bretxa · San Bartolome · Arte Ederrak · GOe · Nobu hotela · Hondalea · Isuri Gutxiko Eremua · Tentsio handiko eremua · Tasa turistikoa · Pisu turistikoen muga · Igeldoko tokiko entitate txikia · Kaleko Afari Solidarioak · Agustindarrak Martutenen · Sorleku parkea · San Martin merkatuaren berritzea · Altzako kiroldegia Belartza goikoa · Astiñeneko zubia · Lorategi Hiria · Añorga Txiki · Infernua · Loiolako topo geltokia · Kaiko plana · Erraustegia · Metroa · Norteko geltokia · Loiolako Kuartelak · Kartzela · La Cumbre · Anoeta · Zubietako hockey zelaia · Antondegiko olatua · Illunbe berria/Zientzia Hiria
Hamabi aukeratu ditugu sakontzeko:
 |
BCC berria: GOe eraikina
Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinak, gastronomia talentuarekin eta ikerketarekin uztartzea du helburu, besteak beste; hala ere, haserrea eragin du hiritarren artean proiektua egikaritzako hartutako bideak. Hala, Uliako eta inguruko eragile ugari proiektuaren aurka azaldu dira, lursail publiko bat, Grosen geratzen den eremu berde bakarra, fundazio baten esku geratuko delako bere interesen garapenerako. Udalak, halaber, bere asmoei eutsi die eta astelehenean irekiko dute eraikina.
|
 |
Bretxako baserritarren afera
2018an onartu zituen udalak Bretxako ingurua berritzeko lanak, eta emakida kontratua bertan behera uztea adostu zuten iazko otsailean. Hala, Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izatera igaro zen. Horren harira, Baika enpresak aurkeztutako alegazio guztiak baztertu zituen udalak. Baserritarrak Arrandegi eraikinaren beheko solairuan kokatu nahi dituzte oraingoan, eta Goiak publikoki babestu du erabakia, oraindik gauzatu ez den arren. Baserritarrek salatu dute ez dutela beren iritzia kontuan hartu.
|
 |
Arte Ederrak, luxuzko hotel
Urteak eman dituzte hiritarrek Arte Ederrak eraikina auzoarentzako izan zedin eskatzen, baina SADE enpresak Hilton kateko luxuzko hotel bihurtzea erabaki zuen; hala, hotel horrek auzoan ekonomikoki eragin dezakeenarekin kezkatuta daude auzotarrak. Udalaren ustez, ordea, onuragarria izango da hotela hiriarentzat, ingurua hobetuko duelakoan. Ancorak, baina, ondare historikoaren aurkako delitua salatu du: izan ere, jatorrizko eraikinaren %20a baino ez da mantenduko.
|
 |
‘Hondalea’ eskultura
2021eko ekainean ireki zuten Hondalea, Santa Klara irlako itsasargian. Itsasaldiak eta olatuek harroketan egiten duten soinua irudikatzen dituen eskultura bat da, Cristina Iglesiasek egina. Goiak azaldu zuen obrak ez zuela helburu turistikorik, baina hiriko eragile ugari honen aurka agertu ziren, irlako masifikazioa areagotu eta eremu naturala kaltetu zezakeelakoan. 5 milioi euroko kostua izan zuen, eta diru publikoaren erabilera okerrarengatik salatu zuen LAB sindikatuak. Salaketa, ordea, artxibatu egin zuten epaileek
|
 |
Altzako kiroldegiko lan ilegalak
2020 hasieran, ELA sindikatuak iruzurra salatu zuen Altzako kiroldegiko lanetan, Acciona eta Altuna y Uria enpresek azpikontratatutako enpresaren langileak legez kanpo aritu zirelako lanean, esaterako. Dokumentu faltsuekin eta astean 50 ordutik gora egiten zuten lan, 1.000 euroko soldatarekin. Nagusiak ez zien kasurik egiten, eta langileek obra uztea erabaki zuten. Lanak atzeratu eta garestitu egin ziren, orduan, eta 3,5 milioi eurokoa izan zen gainkostua. Gainera, amiantoa aurkitu zuten kiroldegiko lursailean.
|
 |
Belartza Goikoko logistika zentroa
2016an egindako harri betelan batek kaltetu zuen Belartza Goikoa berdegunea. Isurketa hori ilegala izan zela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta VUSA enpresa eta udala zigortu zituen. Lursail naturala lehengoratzeko eskatu zuen auzitegiak, baina logistika zentro bat eraikiko omen du udalak bertan, oposizioko talde guztien kontrako botoekin. Goiaren hitzetan, «hiriarentzako trakzio ekonomikoko puntu berri» bat bihurtuko da eremua, eta Haritzaldek gogor jarraitzen du eremua babesteko borrokan.
|
 |
Udal langileen borrokak
Lan baldintza hobeagoen borrokan, greba, protesta eta lanuzteak izan dira Goiaren hiru agintaldietan. Bai azpikontratatutako zerbitzuetan, Telpark edo udaleko eraikinen garbitzaileak, kasu; bai kudeaketa zuzenekoan, Gizarte Ekintza edota suhiltzaileak, besteak beste. Esanguratsuenetan lehena, 2018an, emakumezko garbitzaileek egin zuten gizonezko lankideen soldata bera aldarrikatzeko; konpondutako azkena, berriz, Gizarte Ekintzakoa. Hamabi greba egun eta lanuzteren ondoren, zerbitzu hobea emateko eskariak adostu zituzten.
|
 |
KASen debekua, Egian
Egiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzea erabaki zuen Donostiako Udalak 2024ko urriaren 23an, «segurtasun arrazoiak» argudio gisa erabilita. Udala jakinaren gainean egonik, kale egoeran dudenei lau urtez gauero afariak ematen aritu ondoren, «baimenik ez» zutela adierazi zieten boluntarioei. Neurria Alderdi Popularreko zinegotziek parte hartu zuten elkarretaratze baten ondoren ebatzi zuen udalak, eta, popularrak izan ezik, gainerako alderdiak erabakiaren aurka agertu ziren.
|
 |
Metroa: zuloak eta gainkostua
Goiaren agintaldietan gauzatu da Donostiako Metroaren lanen gehiena. Mirakontxa-Easo zatiak zeresan ugari eragin du urteotan, bereziki, lur jauziak eta zuloak eragin dituelako Easo kalean, baita Erdialdeko bizilagunen bizimodua baldintzatu duelako ere, zarata eta trafiko mugak ekarrita. Horrez gain, Satorralaiak behin baino gehiagotan salatu du eraikitzean sortutako gainkostua: 2016an onartutako proiektuaren azterketan 172 milioikoa (BEZa barne) bazen ere, egun 280 milioira heldu da gastua.
|
 |
Anoetaren birmoldatzea
Anoeta futbol zelaia 1991an eraiki zuten eta udalarena zen heinean, zaletu asko luzaroan gogaitu zituen atletismo pistak zituen. 2017an abiatu zituzten birmoldatze lanen ondoren, ordea, haiek desagertu, azpiegitura modernizatu eta edukieran jauzi nabarmena egin zuen: 32.000 ikusletik 40.000ra pasatu zen. Sindikatuak lan baldintzen prekaritatea eta irregulartasunak salatu zituzten, abian ziren bitartean. Birmoldatzeari lotuta, estadioaren ingurua eraldatu da, espaloiak zabalduz, eta tren geltoki berria abian da.
|
 |
Eraldatutako hiria
Bestelako Donostia eraikitzea izan da Goiaren nahietako bat eta hori, zalantzarik gabe, hirigintza arloan hartutako eta kudeatutako erabakiek ekarri dute. Ez du ikusiko berak onartutako Jolastokietako eremuaren birsortzea, Illunbe berria altxatzea, Loiolako kuarteletako lurren garapena, Infernua Zeruene bilakatzea edota Zientzia Hiriaren eraikitzea, besteak beste. Urumea ibaiaren esku hartzea, aldiz, agintean zela osatu dute eta, aspaldiko partez, uholdeetatik salbu dira Txomiñenea, Loiola eta sortu berri den Lorategi Hiria.
|
 |
San Bartolomeko lanen gelditzea
San Bartolome birsortzeko asmoa aspaldikoa da eta betidanik izan da polemikoa. Hiru udal gobernu eta alkatek kudeatu dute, eta Goia izan da, ika-mika baretuz, aurreikusitako proiektua gelditu duena. Erdialdeko mendi magalean merkataritza zentro eta lurpeko lau solairuko aparkaleku bana altxatzeko asmoa baztertu zuen apirilean, bertan zer egingo duten zehaztu gabe. Proiektua gelditzeko sortutako San Bartolome herritar plataformak merkataritza gunea egiteko lizentzia iraungi eta hiri parke baten alde egitea eskatu du.
|