Hondartzen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzeko prozesu parte hartzaile bat martxan jarriko du udalak

Donostiako Udalak hondartzen erabilera eta aprobetxamenduaren udal ordenantza aldatzeko prozesua abian jarri du, hiriko hondartzak osasungarriagoak, atseginagoak eta lasaiagoak izan daitezen, eta bai ingurunearekiko bai animaliekiko errespetua ere kontuan hartzeko. Bide horretan, hiru eremu jorratuko ditu: hondartzetan erretzea debekatzea, zigarrokinen kutsadura murrizteko eta kerik gabeko espazioak sustatzeko; udan ere txakurrak hondartzara sartzeko aukera, eta bozgorailuen, musika aparatuen eta soinu gailuen erabilera mugatzea. “Araudia eguneratzeak gizartearen eskaerari argi bat erantzuten dio, eta bizikidetza, ingurumenaren kalitatea eta ongizate kolektiboa hobetzea du helburu”, adierazi du Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi ordezkari Iñigo Garciak.
Elkarbizitza eta inguruaren babesa, helburu
Hondartzetan erretzeko debekua ingurumen sentsibilitate gero eta handiagoaren eta itsasertza kutsatzen duten hondakin nagusietako bat murrizteko beharraren ondorio da. AZTIren azterlan baten arabera, Gipuzkoako hondartzetan bildutako hondakinen % 30 eta % 50 artean zigarrokinak dira. Bakoitzak itsasoko 50 litro ur kutsa ditzake, eta substantzia toxikoak aska ditzake urte luzez. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Legean oinarritzen da jarduketa hori. Lege horrek udalei gaitasuna ematen die hondartzetako tabako kontsumoa arautzeko eta zehatzeko; era horretan, Donostiako Udalak osasun publikoarekin eta itsas ingurunearen babesarekin duen konpromisoa indartzen du.
Garciak gogoratu duenez, uda honetan egindako sentsibilizazio-kanpainek, hala nola #ItsaSOS kanpainak, “agerian utzi dute oraindik ere hondakin ugari pilatzen direla gure hondartzetan”. Ildo berean, Kontxako hondartzan egindako Colillaton ekimenaren helburua zigarrokinak biltzea izan zen, eta horrek aukera eman zuen arazoaren larritasuna agerian uzteko: hogeita hamar parte-hartzaile inguruk 2.200 zigarrokin baino gehiago jaso zituzten ordubete eskasean.
Ordenantzaren aldaketak txakurrak urte osoan sartzeari buruzko araudi berri bat jasoko du, “hondartzetako jolas-erabilera animalien ongizatearekin eta herritarren bizikidetzarekin bateragarri egiteko”. Donostian, gaur egun, 17.833 txakur daude erroldatuta, eta Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko animaliak babesteko ekainaren 30eko 9/2022 Legera egokitu behar du bere araudia, eta proposamen berriari esker, txakurrak 21:00etatik 00:00etara sartu ahal izango dira hondartzetan, udako hilabeteetan, udal makineriarekin garbiketa lanak hasi aurretik. “Gure txakurrekin gozatzea guztiz bateragarria da ingurunea zaintzearekin eta bizikidetza-arauak errespetatzearekin”, nabarmendu du Garciak.
Udalak, halaber, hondartzetan bozgorailuak, musika erreproduzigailuak eta bestelako soinu gailuak erabiltzeari buruzko araudi espezifiko bat txertatuko du, bizikidetza eta erabiltzaileen lasaitasuna indartzeko. Orain arte, neurrizko erabilera gomendatzen zuten informazio-panelak zeuden, baina gailu horiek ugaritu egin direnez, arau argi bat ezarri behar izan da. Aurikular indibidualak erabiltzeko aukera izango da, norbanakoek musikaz gozatu ahal izateko, hondartzako atsedena eta bizikidetza erasan gabe. Zinegotziak laburtu duenez, “atseden hartzeko, hitz egiteko, irakurtzeko edo, besterik gabe, itsasoaz gozatu ahal izateko hondartzak nahi ditugu, zarata gogaikarririk gabe”.
Arau berri horiek beteko ez balira, zehapenak jarriko dituzte, indarrean dagoen legediak xedatutakoaren arabera.
Prozesua eta egutegia
Ordenantza aldatzeko prozesua astelehenean, hilak 20, hasiko da, herritarrei aurretiko kontsulta eginez. Kontsulta horretan, edozein norbanakok, erakundek edo kolektibok ekarpenak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango ditu, hondartzen erabilerari eta aprobetxamenduari buruzko araudi berriak jaso beharko lituzkeen alderdiei buruz. Hasierako fase horren helburua da testua behin betiko idatzi aurretik, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzea, prozesuaren hasieratik gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatuz.
Udalak espero du izapideak datorren urteko ekainerako amaitzea, alegia, hondartza-denboraldia hasi baino lehen. Hilabeteotan, parte hartzeko eta elkarrizketarako hainbat gune irekiko ditu udalak herritarrekin, auzo elkarteekin, ingurumen erakundeekin eta animaliak babesteko kolektiboekin, “araudi partekatu, errealista eta Donostiako egungo beharretara egokitua” izan dadin.