Eskuin muturrak giza eskubideak «itotzen» dituela ohartarazi dute

Zero Pobrezia Donostia plataformak protesta esanguratsua egin zuen atzo, kaian. Pobrezia eta Bazterkeriaren aurkako Astearen barruan hainbat jarduera antolatu ondoren, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, eskuin muturraren gorakadaz eta demokraziaren krisiaz ohartarazteko ekintza bat egin zuten.
Plataforma osatzen duten hamabi erakundeetako aktibistek, Donald Trump, Benjamin Netanyahu eta Santiago Abascalen hiru erreplika erraldoi sartu zituzten kaiko uretan. Hiru buruzagi ultraeskuindarren irudiekin batera, Giza eskubideak zioen kartel erraldoi bat ere jarri zuten.
Ekintzaren bidez, GGKEek eta gizarte erakundeek metaforikoki islatu nahi izan zuten gorroto diskurtsoek eta eskuin muturrak sustatutako politikek demokrazia “hondoratu” eta giza eskubideak “ito” egiten dituztela. Gainera, ohartarazi zuten ultraeskuinak aurrera egiteak “zuzenean»”eragiten diela pobreziaren aurkako borrokari eta desberdintasunen gorakadari, alderdi horiek “eskubide sozialak murrizten dituztelako, oinarrizko zerbitzuak pribatizatzen dituztelako, migratzaileak kriminalizatzen dituztelako eta larrialdi klimatikoa ukatzen dutelako”.
Horren guztiaren aurrean, plataformak proposatzen du “herritarrei tresnak ematea buloak detektatzeko eta haurtzarotik pentsamendu kritikoa sustatzeko”. Gainera, gorroto diskurtsoek “beren burua eskuin muturrekotzat jotzen ez dutenengan ere eragina dutela” kontuan hartuta, “diskurtso horien benetako eraginari buruzko informazioaren eta eta kontzientziatzearen” garrantzia nabarmendu zuten. Azkenik, herritarrei dei egin diete mobilizatzeko eta “demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala eta pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzeko”; eta erakundeei exijitu diete “mugimendu horiek isolatzeko, aurrera egin ez dezaten”.