Askatasunaren hiribideko zorua berritzeko bost aste beharko dituzte

Gaurtik aurrera, eta bost astez, Askatasunaren hiribideko barruko erreia, Groserako noranzkoan, itxita egongo da Getaria eta Bergara kaleen arteko tartean. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailak sustatutako esku-hartzearen helburua galtzadaren zorua berritzea da, haren iraunkortasuna eta segurtasuna hobetzeko.
Lanek 60 metro inguruko luzera eta 3,40 metroko zabalera duen zati bati eragingo diote. Obrak egin bitartean, zirkulazioa hiribidearen kanpoko erreitik desbideratuko da, eta eragindako autobus geltokiak aldameneko etxadietara eramango dira aldi baterako. Obraren aurrekontua 77.694,40 eurokoa da (BEZa barne).
“Lana egungo zorua eraistean eta lurra hondeatzean datza, ondoren material granularreko geruza bat zabaltzeko. Oinarri horren gainean 30 zentimetroko hormigoi armatuzko lauza bat egingo da, eta azkenik asfalto urtuzko geruza batez estaliko da. Behin lanak amaituta, kaltetutako seinale horizontalak berriz jarriko dira”, azaldu du Carlos Garcia zinegotziak.