Autobusa antolatu dute Donostiatik Miribillara, Euskalgintzaren Kontseiluaren ekitaldirako

Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkundea ekitaldia antolatu du abenduaren 27an Miribillako (Bilbo) Bilbo Arena “euskarari pizkunde berri bat emateko” helburuarekin. Donostiatik hara joateko, autobusa antolatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak berak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak.
Autobuserako txartelak 12 euroan daude salgai, eta autobuserako eta ekitaldirako sarrera aldi berean erosteko aukera eskaini dute, 22 euroren truk. Bageraren webgunearen bidez edo 943-00 50 74 telefonora deituta egin daitezke erreserbak. Horrez gain, ekitaldirako sarrera solteak Pizkundea.eus-en daude salgai.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela ohartarazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, esku hartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du, ekitaldira begira egindako adierazpenetan. “Larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat” zabaldu nahi du Kontseiluak abenduaren 27aren bueltan: “Euskaltzaleon garaia da!”, nabarmendu dute.