Buru osasunak zahartzaroarekin duen loturaz hausnartuko da Agifes

Buru osasunak zahartzaro goiztiarrean duen eragina hausnartuko dute Agifes elkarteak antolatutako jardunaldi irekian: Buru osasuna, zahartzea eta adineko pertsonak. Aztertu nahi dute, hala, nola egokitu daitezkeen arreta zerbitzuak errealitate horretara. Asteazkenean izango da topaketa (hilak 22), udaletxeko udalbatzan, 18:00etan.
Gaian adituak elkartuko ditu jardunaldiak; besteak beste, Gabriela Mondragón Olán, Matia Fundazioan neuropsikologoa; David Otaegui, Biogipuzkoako Neuroinmunologia taldeko zuzendaria eta Estibaliz López de Munain, Irungo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatra. Agifeseko Iker Arrizabalaga psikologoak gidatuko du hitzaldia.
Hilaren 10ean ospatu zen Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira antolatu du elkarteak jardunaldi berezia. Buru osasunak bizitzako etapa guztietan duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, bereziki, gazteetan eta adinekoetan. Gazteek eta adinekoek dituzten buru osasuneko arazoei aurre egiteko baliabideak indartzeko premia dagoela diote Agifesekoek, baita prebentzio baliabideetan arreta gehiago jartzea ere.
Kazetaritza sariak
Jardunaldia antolatzeaz gain, kazetaritza sariak ere antolatu ditu Agifesek, Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak izenpean. Buru osasunaren inguruko kazetaritza eta dibulgazio lanak sustatzea dute helburu sariek, bereziki giza sentsibilizazioa sustatu eta estigma gainditzen laguntzen dutenak.