Clara Romeroren margolanak ikusgai daude D'Museoan

Clara Romero Gimenez artista donostiarraren Jainkotasunari esker ona hamahiru margolanek osatutako bilduma ikusgai dago D’Museoan —Donostiako Elizbarrutiko Museoa, Abuztuaren 31 kalea, 46—. Bertan, artistak “bere mundua eta esker ona” jasotzen eta adierazten ditu, keinu pintura adierazkor baten bidez.
Romero 1961ean jaio zen Donostian. Bere bizitza profesionala pinturaren eremutik kanpo garatu du, baina duela hiru urte bere bokazio piktorikoa piztu zuten bi kontuk: batetik, bere bizilekutik gertu hondatuta dagoen ermita “pinturaz apaintzeko” beharrak; eta bestetik, meditazio eta garapen pertsonaleko talde batean bizi izanak hilero talde horrentzat obra bat margotzera bultzatzen du.
Artistaren esanetan, bere “koadroak sakonetik sortzen dira, natura, bestearekiko eta neure buruarekiko lotura”; eta oso modu “kontziente eta kontzentratuan” margotzen du. Eskuekin margotzen du, materiarekin kontaktua behar duelako. Olioa baliatzen du, “lehortzeko behar duen denborak eskultura gisa lantzeko” aukera ematen baitio. Azaldu duenez, “pinturak sorten doaz eta erakutsi nahi dutena erakusten dute. Bere borondatez agertzen dira. Zeharka begiratzen diet, edo urrun samar, beren hizkuntza itzuli nahian. Beti pausotxo bat atzetik, harriturik eta irribarrez. Nik margotzen ditudalako ilusioarekin sinistuta, baina errealitatea da haiek marrazten nautela. Margotzen ari naizen bitartean ikasten ari naiz, eta margotzen ari naizen bitartean ikasten. Horrek joan-etorriko bidea dakar, sakonaren, edertasunaren eta egiaren bilaketa”.
Erakusteka astegunetan, 10:30etik 19:00etara bitartean; larunbatetan, 10:30etatik 18:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 16:00etatik 19:00etara bisita daiteke.