«Ordenagailuari esker, Ferrari bat dugu lasterketarako, baina baliabide bat da, ez helburua»
IBMren System Two ordenagailu kuantikoa da Basque Quantum egitasmoaren izar nagusia, baina ekosistema oso bat dago Euskal Herrian teknologia kuantikoetan jardunean, nazioartean erreferente bilakatzeko bidean.

IBMren System Two ordenagailu kuantikoa inauguratu dute aste honetan Donostian. Eta, horren harira, Javier Aizpurua fisikaria (Donostia, 1971) da iturririk onenetako bat Basque Quantumekin egin den apustu estrategikoaren argazki osoa erakusteko.
Zein izan dira honainoko zailtasunik edo erronkarik handienak?
Bidea ez da erraza izan zenbaitetan. Duela bi urte, ia hiru, gure ekosistema aztertu genuen, ikusteko gai ote ginen halako tresna baliotsu eta indartsuari abantaila ateratzeko. Ia urtebete horretan genbiltzala, aukera sortu zen inbertsio honetarako, IBMren ordenagailua izateko.
Hurrengo lana ikerlariak formatzea izan da halako tresna sofistikatua erabiltzeko: algoritmo kuantikoen gainean ikasteko, zirkuitu logikoak egiteko eren gainean… Finean, Basque Quantumen proiektu multzo bat diseinatu eta garatu dugu teknologia kuantikoaren bidez gure ezagutzen arazo konkretuei erantzun bat emateko materialetan, materiaren fisika kondentsatuan, kimikan, matematikan, optimizazioan…
Orain hogei bat talde ditugu, gai direnak konputazio kuantikoak, algoritmoak, kalkuluak egiteko. Archive-n, goi mailako aldizkarietan daude haien publikazioak, jada emaitza batzuk jasota: spin-en elkarrekintzaz, energia altuko fisikaz, makinen ikaskuntzarako datu sintetikoen garapenez… Japoniakoek [han dago IBMren beste System Two ordenagailu bat] esan digute IBMkoak harrituta daudela, zein bizkor geuretu dugun teknologia berria.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.