Kalean da Agoteak reggae taldearen lehenengo diskoa, «mundu osoko zapalduei» keinu eginez
Agoteak reggae taldea.Agoteak Agoteak reggae taldeak izen bereko diskoa argitaratu berri du, bere lehenengo lan luzea, hain zuzen ere. “Hainbat urtez itzalean lan egin ondoren eta zuzeneko pare bat eginda” heldu da diskoa, joan den urtean A-lone Ark estudioan grabatutakoa. Zortzi kanta ditu showcase estiloko diskoak: taldeak berak idatzitako lau abesti eta horien dub estiloko egokitzapenak. Plataforma digital guztietan dago entzungai eta A-lone Reggae Shop dendaren Bandcamp atariko profilean salgai, formatu digitalean zein fisikoan.
Donostiakoak eta Donostia ingurukoak dira Agoteak-eko musikariak: Iker Beñaranks Beñaran, Lander Ilarbass Ilarraz, Ivan MoreiReggae Moreira, Aitor Dubrktor Etxeberria, Jorge Iortx Ortega, Iker Selektah Gaskon eta Unai Fontan.
Taldearen izenak, bestalde, bere zeresana du, baita egiten duten musikarekin harremana ere: “Agoteak Baztan bailaran egurra eta harria maisuki lantzen zituen etnia arrazializatu eta zigortu bat izan zen, eta haien omenez izendatu zuten banda, mundu osoko zapalduei keinu gisa”, azaldu dute. Gaineratu dutenez, taldearen bereizgarria da “1970eko eta 1980ko hamarkadako roots reggaea eredu hartuta egiten duten haren berrinterpretazioa, baita sentimenduez, gizarte honetako gaitzez eta hura aldatzeko mezuez diharduten euskarazko hitzak ere”.


