Artikutzako presaren zati bat botatzeko lanak onartu ditu udalak

Artikutzako presa partzialki eraisteko beste aurrerapauso bat eman du udalak, lan horiek egiteko kontratazio espedientea onartu baitu, 1.599.389 euroko aurrekontuarekin eta zazpi hilabeteko egikaritze epearekin. 2027rako, lanak bukatuta egotea aurreikusten dute.
2019an urtegia hustu ondoren, 2022an erabaki zuten presa partzialki botatzeko esku hartzea egitea eta joan den urteko urtarrilean jaso zuen udalak Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren oniritzia. Horrela, aurtengo maiatzean onartu zuen udalak presa partzialki botatzeko proiektua eta, aipatu moduan, lanen kontratazio espedientea onartu du gaur.
Orain, lan horiek adjudikatu eta hasi beharko dira, aurreikuspenen arabera, 2026ko udaberrian. Udalak azaldu duenez, aldi berean hasi beharko dituzte, ordea, beste bi esku hartze: Enobieta errekastoaren ibilguan hormigoizko markoa enkargatu, eraiki eta presatik ibaian gora jartzea eta presaren zati bat eraisteko eskotadura egiten den zonako goi zubia eraistea eta birjartzea.
Eremuaren historia
Gogoratu behar da, bestalde, Artikutzako eremua Donostiako Udalarena dela 1919tik (Goizuetako lurretan dago berez), eta Enobietako edo Artikutzako urtegia Donostiako udal ur iturria izan zela 1960tik 1976ra. Urte horretatik aurrera, aldiz, Añarbeko urtegia zerbitzuan jarri zenez, ez zen ia erabiltzen, eta 1992an Artikutzako ur hornidura behin betiko eten zuten.
Horrela, presa kaltetuta zegoela eta, urtegia hustea erabaki zuten 2019an, hain zuzen ere, Artikutza Donostiaren esku zegoenetik ehun urte bete zirenean. Urtegia zenaren eremua nabarmen lehengoratu da urteotan, eta presa partzialki eraitsita lehengoratze prozesu horretan sakontzea da aurreikuspena. Halako esku hartze bat edukiko duen Europako presarik handiena da Artikutzakoa.