Atxilotu bat Amara Berrin, bizikletak, arma zuriak eta drogak lokal batean gordetzeagatik

Gizonezko bat atxilotu du Donostiako Udaltzaingoak Amara Berrin, hainbat bizikleta lapurtu eta Sauce plazako lokal batean gordetzeagatik. Lokal horretan, ordea, arma zuriak eta droga ere aurkitu dituzte.
Bizilagunek salatu dute gizona joan-etorrian ibiltzen zela askotan, lokal horretara. Ostiralean, ordea, atxilotu zuten egunean, mugimendua bereziki handia izan zela esan zuten. Eguerdian atxilotu zuten gizona, 12:15ak aldera, lokalerantz zihoala bizikleta batekin. Agenteak ikusi zituenean, ordea, ihes egiten saiatu zen, bizikletaz.
Lokaleko giltzak eman zizkien agenteei, eta lokalean sartzerakoan aurkitu zituzten arma zuriak eta drogak, lapurtutako beste objektu batzuekin batera: 65 gramoko speed poltsa bat, bi balantza, drogak mozteko aparailuak, haxixa, metalezko pistola bat, eta bizikletak, besteak beste.
Igandean jarri zuten atxilotua epailearen eskuetan, eta aske utzi dute, karguekin.