Basque Culinary Centerren GOe inauguratu dute

Iritsi da eguna: inauguratu dute, zazpi hilabeteren ostean, Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikina. Atzo arratsaldean egin zuten ekitaldi ofiziala, instituzioen eta izen handiko sukaldarien presentziarekin, besteak beste.
Euskal Herrian tradizio den gisan, Aurreskua dantzatuz hasi zuten ekitaldia. Irekiera “gozo” bat izan da instituzioen hitzetan, bertan egon baitziren, besteak beste, Donostiako alkate Nekane Arzallus, Imanol Pradales lehendakaria eta Luis Planas, Espainiako Gobernuko elikadura zinegotzia.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak hartu zuen hitza, estreinakoz; azpimarratu nahi izan zuen, GOe ez dela BCCren luzapen bat, baizik eta “apustu handi bat”: “Hiritarrentzat pentsatutako proiektu bat da”, adierazi zuen. Hala, gehitu zuen, helburu zehatz bat dutela honekin guztiarekin: “Jasotako konfiantza emaitzetan itzuli nahi dugu”. Eraikina inauguratzea “plazer bat” dela ere aitortu dute, bai berak, baita gainontzeko instituzioek ere.
Mondragon Unibertsitateko gastronomia fakultateko zabaltze bat izango da GOe; hala, eskolak emateaz gain, tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak egingo dituzte bertan, besteak beste.
Olatuen antzera
Danimarkako Bjarke Ingels Group (BIG) arkitektura enpresak diseinatu du eraikina. Hala, proiektuaren buruak, Bjarke Ingels arkitektoak ere hartu du hitza aurkezpenean; azaldu du, besteak beste, Ulia menditik itsasoraino Santiago Bideak egiten duen formari keinu bat dela eraikinaren diseinua, eta Olatuen Bidea jarri diote izena.
Kapak, testurak, dena ongi pentsatua dago proiektu honetan, atzerriko enpresa batek sortu duen arren, herriarena berarena dela sinistuta. Planoak erakutsi ditu arkitektoak, hala, bertaratutakoek prozesu guztia ikusi ahal izateko.
Donostiarentzat “onuragarria”
Begirada guztiak erakarri ditu eraikinak, gehienbat, negatibora. Inaugurazioa hasi baino lehen eta bitartean, bizilagunek, elkarteek eta sindikatuek Nafarroa Etorbidea bete zuten, eraikinaren aurrean, “espoliazioa” salatzeko.
Nekane Arzallus hiriko alkateak, ordea, bestela pentsatzen du; GOe ona izango da Donostiarentzat: “Ez gara soilik ari gastronomiaz edo sukaldaritzaz; ari gara, batez ere, Donostiaren ikur izan behar duen berrikuntzaren aldeko apustua alor guztietara eramateaz”, adierazi zuen. Hala, Eneko Goia alkate ohiari esker onak adierazi zizkion, proiektuan hasieratik izan duen inplikazioagatik.
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak aitortu zuen aldundiaren aurreikuspen guztiak gainditu dituela egitasmoak. Gastronomia eta zientzia GOeren antzera uztartzen dituenik ez dago mundu osoan, eta horrek hiriari “sekulako ekarpena” egiten diola deritzo: “Etorkizun gozoa eta oparoa nahi izan dugu herri honentzat, eta hau guztia ez da kasualitatea; ahalegin handia dago honen atzean”.
Azkenik, Imanol Pradales lehendakariak hartu du hitza, eta gogobeteta agertu da proiektuak izan duen emaitzarekin; ez du zalantzan jartzen GOe ona izango dela bai Euskadirentzat, baita Gipuzkoa eta Donostiarentzat ere: “Berrikuntza gastronomikoan munduko erreferente izateko anbizioari eusten diogu, beraz, eta ez hitzekin; gaurkoa bezalako ekimenekin baizik. Zuekin batera, denok batera”


























