Bost emanaldikoa izango da Abesbatzen Astea

Donostia Kulturak, Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean, Abesbatzen Astea antolatu du beste urte batez, Tolosako Abesbatzen Lehiaketa ospatzen den bitartean. Donostiarren artean musika korala sustatzea du helburu.
Donostian doako bost emanaldi programatu dituzte hilaren 24tik 30era, Grosen, Loiolan, Ibaetan, Amaran eta Altzan, hurrenez hurren. Gurera etorriko diren talde koralen aniztasuna, aberastasuna eta goi mailako kalitatea dira.
Parte hartuko duten bost talde bokalek musika erlijiosoz zein herri musikaz osatutako programak eskainiko dituzte. Bost taldeok Indonesiatik, Ukrainatik, Letoniatik, Alemaniatik eta Suediatik datoz. Auzoetan dauden elizetan izango dira kontzertuak, kultur etxeetatik kanpo. Horrela, gune zabalago hauetan musika koral zale gehiago elkartzeko eta eskaintza bera ere hedatzeko aukera ezin hobea izango da.
Egitaraua
- Urriaren 24n, 20:00etan, ostirala, Groseko San Ignazio parrokian: The Resonanz Children’s Choir (Indonesia).
- Urriaren 28n 20:30ean, asteartea, Loiolako Jesusen bihotza parrokian: Skovoroda (Ukraina).
- Urriaren 29an 19:30ean, asteazkena, Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian: Anima Solla (Letonia).
- Urriaren 29an 20:15ean, astelehena, Amarako Karmeliten elizan: Sonat Vox (Alemania).
- Urriaren 30ean 20:00etan, osteguna, Altzako San Martzial parrokian: Svanholm Singers (Suedia).