Interakzio soziala hizpide Liburutegien Egunean

Liburutegien Eguna urriaren 24an ospatzen da. Efemeride horri lotuta, hamahirugarrenez, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Medialan Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak elkarlanean Interakzio soziala, osasun iturri izeneko programa antolatu dute. Liburutegien bilakaera bultzatuko duten ideien eta esperientzien trukea sustatzeko jardunaldi profesional bat, hitzaldiak eta gogoetak izango dira.
Liburutegiak espazio soziokulturalak direnez, giza harremanetarako gune gisa duten garrantzia nabarmenduko dute. Ikuspegi horretatik, aztertuko dute nola pertsonak dauden eskainitako zerbitzu eta jarduera guztien erdigunean.
Ekitaldi nagusia ostiralean Viktoria Eugenia klubean aurrera eramango duten jardunaldi profesionala da. Bertan, hitzaldi eta gogoetak egingo dituzte aurtengo gaiari buruz. Oscar Rebollo soziologo eta ikertzaileak hasiko du, eta jarraian, Gipuzkoa, Bartzelona eta Madrilgo liburutegietako esperientziak ezagutaraziko dituzte. Saiora bertaratzeko, aurrez izena eman beharko da.
Jarduera horretaz gain, beste bi ere prestatu dituzte. Asteazkenean, Andres Neuman idazlearekin topaketa egingo dute Hasta que empieza a brillar liburua hizpide hartuta, San Telmo museoan, 19:00etan. Igandean, berriz, Elling filma proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan.