Koldo Artola ohorezko euskaltzaina zendu da

Pasa den ostiralean hil zen Koldo Artola etnolinguista eta ohorezko euskaltzain donostiarra, 87 urte zituela. Berria egunkariak nabarmendu duen moduan, ahozko ondarea biltzen eta euskararen euskalkiak ikertzen ibilbide luzea egin zuen.
Nafarroako euskalkiak ikertu zituen, eta aitzindaria izan zen finantza arloa euskalduntzeko lanean. Izan ere, Artola izan zen erabat erdalduna zen eremu hartan euskara sustatu eta lexikoa sortu zuenetako bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea zen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004an.
Familia euskaldun batean jaio zen Artola, baina diktadura frankistaren hamarkadetan ez zuen euskararik ikasi, eta gaztaroan heldu zion berriz gurasoen hizkuntza ikasteari. Donostiako Aurrezki Kutxan lanean hasi zenean ikasi zuen euskara, eta han euskaltzaletu zen. Orduak eman zituen euskararen aldeko lehen urratsak, itzultzaile lanetan lehenik, eta euskara sustatzeko arduradun gisara geroago.