'Matxinada plastikozko hirian' liburua aurkeztuko dute Donostian
Marco Santopadre kazetari italiarrak Donostiako turistifikazioaren aurkako borrokari buruzko liburua idatzi du eta Donostian aurkeztuko du, Bizilagunekin plataformaren eskutik. Horren aurretik, ate joka dituzte desazkunde turistikoaren aldeko topaketak.

Marco Santopadre kazetari italiarrak aspalditik du harremana Euskal Herriarekin, eta, hain zuzen ere, Donostiako turistifikazioaren aurkako borroka izan du hizpide argitaratu berri duen liburuan: La rivolta nella città di plastica (Matxinada plastikozko hirian, euskaraz); Italian argitaratu du lana, italieraz. Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma donostiarraren eskutik, liburua aurkeztuko du Donostian. Hilaren 28an izango da aurkezpena, 19:00etan, Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko kriptan (gaztelaniaz).
Bertan egongo da Santopadre bera, eta liburuaren edukiak azaltzeaz gain, Donostiako turistifikazioaren aurkako borrokan sakonduko du, Bizilagunekinek nabarmendu duenez: “Liburuak Donostiaren kasuaren bidez aztertzen du nola turistifikazioak hiriaren fisionomia eta identitatea aldatzen dituen, eta Santopadrek Donostia ‘plastikozko hiri’ bilakatu dela adierazten du. Hiri turistiko eta elitistaren eta auzo herrikoien artean dagoen tentsioari buruz hitz egingo digu. Oinarri gisa, Donostiako azken urteetako bilakaera, turistifikazioaren aurka diharduten herri mugimenduen jarduera eta Donostiako bertako herritar eta aktibisten testigantzak baliatu ditu”.
Desazkundearen aldeko topaketak, ate joka
Horren aurretik, ordea, desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak antolatu dituzte Bizilagunekin plataformak berak eta beste hainbat eragilek. Ostiralean eta larunbatean izango dira (hilak 24 eta 25), eta jarraian duzue egitarau osoa:
Urriak 24, ostirala:
- 18:30. Topaketetara eta Desazkunde Turistikora sarrera hitzaldia.
- 19:00. Turistifikazioa eta etxebizitza larrialdia mahai ingurua.
Urriak 25, larunbata:
- 10:00. Hiri eta lurralde bizigarrien bila mahai ingurua.
- 11:30. Atsedena.
- 12:00. Tailerrak:
- Auzoak turismoak itotzeko arriskuan.
- Zer dakar turismoak euskararentzat?
- Turismotik bizi, prekarietatean bizi?
- 14:00. Bazkaria.
- 16:30. Tailerrak:
- Beste opor eredu bat posible da?
- Kulturaren hiria, sukaldaritzaren herrialdea, kirolaren lurraldea… marka bat gara?
- 18:15. Epe labur, ertain eta luzean zer egin? tailerra.
- 19:45. Itxiera.
- 21:30. Festa.
Topaketetan parte hartzea doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da. Hitzaldi eta saio orokor guztietan bermatuko da euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez jarraitzeko aldibereko itzulpena. Informazio osagarria eta izen ematea.