Mende erdia katalogo digital batekin eta zenbait jarduerekin ospatuko du Aranzadiko Mikologia atalak
Mikologia jardunaldien aurkezpeneko irudia. Aranzadi Zientzia Elkartea Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia departamentuko kideek antolatutako jardunaldi mikologikoek 50 urte bete dituzte. Hortaz, aurtengoa berezia da, Gipuzkoako erresuma fungia ikertzen hamarkadak daramatzaten mikologoentzat. Hilaren 31 arte aurrera eramango dituzte prestatutako ekimenak, lehena, atzo aurkeztutako Gipuzkoako fungi katalogo digitalaren martxan jartzea izan da.
Gipuzkoako onddo espezie gehienak modu errazean ezagutu eta identifikatzeko tresna da, mikologo adituen lan altruistari esker elikatua. Gipuzkoako onddoen laginak 1970eko hamarkadatik jaso dituzte eta Aranzadiko mikotekan gorde. Ale bakoitzaren datu zientifikoak base batean digitalizatzen dituzte, katalogo digital berrian kontsulta daitezke. Webgune honetan, erabiltzaileak 3.477 espezieei buruzko informazio xehatua dago, espezie bakoitzaren deskribapenarekin, mikroskopiak, argazkiak, bildutako kokagunea, bibliografia, espeziearen izen arruntaren sinonimiak eta datu guzti horiek jaso zuten puntu zehatza duen mapa.
Espezieak identifikatzeko lagungarria izateaz gain, lurraldearen egoeraren erradiografia zehatza ere bada. Katalogoaren helburuen artean, Gipuzkoako onddoen dibertsitatearen inbentarioa egitea dago, mikologiaren ezagutza sustatzea. Joxepo Terese mikologoak astelehenean egindako aurkezpenean azaldu zuenez, “tresna honekin arriskuan dauden espezie interesgarriak azter eta balora ditzakegu, bai eta espezie babestuen jarraipen proposamenak egin ere. Garrantzitsua da onddo autoktonoen biodibertsitatearen ezagutza hobetzea, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin eta, beraz, espezien eta haien habitaten egoera, interesa edo mehatxua behar bezala kudeatzeko edota kontserbatzeko proposamenak helarazteko”.
Katalogo digitalaz gain, datozen egunetan aurrera eramango dituzten jardueren berri ere eman zuten:
- Gipuzkoako fungi barietatearen argazki erakusketa, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean. Hilaren 31 arte ikusgai, 17:00etatik 21:00etara eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara.
- Ostegunean, hilak 23, 18:30ean, Joxepo Teres mikologoak Gipuzkoako fungi katalogoa aurkeztuko du Gipuzkoako Argazkilari Elkartean.
- Larunbatean, hilak 25, 09:00etan, Añarbera txangoa aleak biltzeko. Elkargunea: Susperregiko aparkalekua.
- Hilak 29, 18:30ean, Russula generoko azken nobedadeak hitzaldia emango du Txemi Traba mikologoak Aranzadi Zientzia Elkartean.
- Hilak 30ean, 18:30ean, Mehatxatutako onddoen UICN zerrenda gorria hitzaldia emango du Ibai Olariaga Mikologian doktoreak, Aranzadi Zientzia Elkartean.
- Hilak 31, 18:30ean, Perretxiko toxiko eta jangarriak, konparatuta liburua aurkeztuko du Pedro Arrillagak, Aquariumeko auditorioan.
Perretxikoak biltzeko gida
Jardunaldiak amaitzeko, Pedro Arrillaga mikologoak Perretxiko toxiko eta jangarriak, konparatuak gida aurkeztuko du Aquariumean, hilaren 31n. Inguruan topa ditzakegun perretxiko aleak grafikoki jasotzen ditu, gizakiarentzat toxikoak direnekin alderatuta. Gida “oso osoa eta erraza”, mikologian aditua den edonorentzako “oinarrizko lana”.


