Oinezko bat harrapatu du motor batek Loiolako Erriberan

Loiolako Erriberako auzo elkarteko kideek sare sozialen bidez zabaldu dutenez, motor batek emakumezko bat harrapatu zuen astelehenean Bartzelona hiribidean. Antza, Koba tabernaren aurreko zebrabidea gurutzatzen ari zela gertatu zen ezbeharra.
Istripua auzotarrak auzoko zirkulazioa arautzeko eta segurtasuna bermatzeko eskaera berriro plazaratzen ari direnean gertatu da. Gunean orduko 30 kilometroko abiadura jartzea nahi dute. Neurrien eskaera ez da berria, baina irailaren 20an auto batek 9 urteko haur bat harrapatu izanak bizilagunak mobilizatzea ekarri du. Hain justu, joan den ostiralean, hilak 17, 400 bat lagun elkartu ziren auzo elkarteak deitutako manifestazioan. Bestalde, udal batzordeetan gai horri buruzko interpelazioa aurkeztu zuen atzo bertan EH Bilduk eta neurriak hartzeko eskatu zion Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzari.