Oniritzia eman diote Oriamendin kanpin berri bat eraikitzeari

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Ecocamping Oriamendi S.L. enpresak Miramon inguruko Oriamendi eremuan autokarabanentzako kanpin berri bat eraikitzeko eskatutako obra lizentzia aldatzea. Zehazki, Goiaztxiki bideko 142 zenbakian eraikiko dute kanpina, Oriamendi lorezaintza gunea zegoen tokian. Aspaldikoa da bertan kanpin hori eraikitzeko proiektua, 2025ean irekitzea aurreikusi baitzuten 2023an. 2027ko udan irekitzea aurreikusten dute orain.
Proiektuak “lehen mailako kanpin berde bat” aurreikusten du, udalaren hitzetan: “Ingurunean integratua, berdeguneetan, aisialdirako guneetan, kanpatzeko guneetan eta zerbitzuen eraikinean (dagokion terrazarekin) banatuta”.
39.787 metro koadroko azalera dauka eremuak eta lau eremutan banatuko dute: zerbitzuen eraikina bidearen paraleloan jarriz lortuko den gune urbanizatu bat, autokarabanentzako eta furgoneta kanperizatuentzako gune bat —80 partzela autokarabanentzako eta 26 furgonetentzako—, kanpin dendentzako eremu bat eta mobil home estiloko ostatuentzako eremu bat, 32 lursailekin. Horrez gain, aurreikusita dago kanpinak ibilgailu motordunentzako eta bizikletentzako aparkalekua edukitzea, baita igerilekua ere.
“Garraio publikotik gertu dagoen konexioak eta ingurua hirigunearekin lotzen duen bidegorri batek alternatiba eraginkorrak ezartzen dituzte ostatu hartzaileak hiriaren erdigunera norberaren ibilgailua erabili beharrik gabe sartu ahal izateko. Gainera, kokapen estrategikoari esker, hirira sartzeko autobia nagusietatik sarbide arina dago, ibilgailuak erdigunera sartu daitezen saihestuz”, gaineratu du udalak.