Pello Alcantarillak kereila jarri du Diego Perez de los Cobos guardia zibilaren aurka, torturengatik

Pello Alcantarilla Mozota donostiarrak kereila bat jarri du Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelaren aurka, 2004an Madrilgo Tres Cantos herriko komandantzian (Espainia) pairatutako torturengatik. Hala azaldu du GEBehatokia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, eta, hain zuzen ere, erakunde horren eta Euskal Herriko Torturatuen Sarearen babesa du Alcantarillak bere ekinbidean. Horrela, Alcantarillak berak, GEBehatokiak, Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta Aiert Larrarte abokatuak prentsaurrekoa emango dute Donostian ostiralean, auziaren xehetasunaz azaltzeko; besteak beste, kasua berriz irekitzeko eskatuko dute.
GEBehatokiak, hain zuzen ere, guardia zibil horren inguruko ikerketa zabala ondu du, eta sinesgarritasun osoa eman dio donostiarraren salaketari: “Perez de los Cobosen presentzia guztiz koherentea da atxiloketaren egunean zuen karguarekin, garai hartan Madrilen zuen destinoarekin, Frantziaren eta Espainiaren arteko koordinazio eta lankidetza organoetan zuen eginkizunarekin, eta polizia kidegoek terrorismoaren aurkako borrokaren bilakaeran estrategikotzat jo zuten operazioaren garrantziarekin”.
2004an atxilotua
Alcantarilla 2004an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Burgosen (Espainia), Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrek elkarlanean egindako operazio batean, Laurence Le Vert epailearen zuzendaritzapean, Urruñan (Lapurdi) bizi baitzen orduan. ETArekin harremana zuelakoan atxilotu zuten, eta Alcantarillak berak Espainiako Auzitegi Nazionalean zein Le Verten aurrean salatu zuenez, torturak pairatu zituen Tres Cantosko komisarian inkomunikatuta eduki zuten lau egunetan. Halakoetan ohikoa izaten den moduan, ordea, tortura horiek ikertzeko eskaerak artxibatu egin zituzten, eta 2012ra arte eduki zuten preso. Aurtengo otsailean, Kazeta atariari elkarrizketa eskaini zion Alcantarillak, eta nabarmendu zuen Le Vertek ikusi zuela zein egoeratan zegoen.
2020an, donostiarrak Berria egunkariari azaldu zion De Los Cobos ikusi zuela Tres Cantosko komandantzian, torturatua izaten ari zen bitartean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Perez de los Cobos kargugabetu zuen urte horretan, eta, horren harira, telebistan hainbatetan agertu zen guardia zibila. Horrela identifikatu zuen Alcantarillak: “Bera da”, esan zion Berria-ri.
Testigantza gordina eskaini zion donostiarrak aipaturiko hedabideari: “Besteek jotzen eta torturatzen ninduten bitartean, momentu batean, amore eman nuenean, mugitu, eta atzean eta ondoan, hor zegoen Perez de los Cobos, niri begira, zain: noiz etsiko nuen. Ikusi egin nuen”. “Hala esan zion ondoan zuenari: ‘Gracias, comisario‘. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen”, gaineratu zuen.
Perez de los Cobosek ibilbide luzea egin du Espainiako Guardia Zibilean, eta hainbat sari eta aitortza ofizial jaso ditu. Guztira, hogei bat domina ditu, tartean, Frantziako Defentsa Nazionalaren Urrezko Medaila eta Guardia Zibileko Merituaren bi gurutze.