Sorleku parkea errealitate bihurtzeko aurrerapausoa eman du udalak
Parte hartze prozesua egin zutenetik zortzi urte pasatu direnean, parkea egiteko lanen kontratazio espedientea onartu du udalak. 2026aren amaieran bukatzea aurreikusten dute.

Aurrera doa, azkenean, Intxaurrondoko Sorleku parkearen proiektua. Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak lanen kontratazio espedientea onartu du gaur (hilak 21), 756.172 euroko aurrekontuarekin eta bost hilabeteko egikaritze epearekin.
Egunotan, mugimendua dago lursail horretan, langile batzuk esku hartze batzuk egiten baitabiltza, baina parkea bera egiteko lanak oraindik ez dira hasiko. Hain zuzen ere, lanak adjudikatzea eta ondoren hastea izango dira hurrengo bi pausoak, eta, horregatik, parkea 2026. urtearen amaieran irekitzea aurreikusten du udalak. Bitartean, udalak azaldu duenez, “Dbusek aldi baterako erabiliko du partzela, gune hori aprobetxatzeko kotxetegiak elektrifikatzeko obrak egiten diren bitartean, eta, horrela, inguruan egingo diren bi jarduketak konpasatuko dira”.
Gogoratu behar da auzotarrekin egindako parte hartze prozesu zabal baten bidez diseinatu zutela Sorleku parkea, duela zortzi urte. Proiektua, aldiz, geldirik egon da urteotan, baita tarteka kolokan ere. Hain justu, udalak bertan aparkaleku bat eraikitzeko asmoa agertu zuen iaz, eta horrek protesta handiak eragin zituen auzoan. Horrela, parkearen proiektua da aurrerapausoak ematen ari dena azkenean.
Hainbat elementu
Marrutxipi eremuan dago Sorleku parkea hartuko duen 6.109 metro koadroko lursaila, Dbusen egoitzaren ondoan. Udalak nabarmendu duenez, proiektuaren helburua da “ingurune horren ingurumena eta gizarte erabilerak lehengoratzea, gaur egun ez baitu balio kalitatezko hiri espazio gisa”. “Parkea eskatutako programan eta lurzatiaren baldintzatzaileetan oinarrituta diseinatzen da, baina betiere parke baten esparru kontzeptualean, elementu naturalak eta eraikuntza elementuak aprobetxatuko dituena erabiltzaileei ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko”, gaineratu du. Horrela, etorkizuneko parkearen zortzi elementu nagusiak hauek dira: iparraldeko sarrera eremua, hegoaldekoa, autogarbiketa duen komunen kabina, ur jolasak, azkar hazten den basoa, soropil gainazalak, bide sarea eta landaredia.
Iparraldeko sarrera Zubiaurre pasealekuaren eta parkearen arteko “trantsizio espazioa” izango da, udalaren hitzetan: “Egungo espaloiaren zabalera handitzea planteatu da, autobusen geltokia arintzeko. Uharte berde bat proposatzen da, bi sarrerak markatuko dituena: sarrera bat, zabalera txikiagokoa, bizikleten aparkalekuaren ondoan, eta bestea, harlauzen terrazaren ondoan”. Hegoaldekoa, aldiz, bi puntutan banatuko dute, “oinezkoen pasabideak lotzen dituen partzelaren izkinekin bat etorriz” eta tartean bizikletentzako aparkalekuak jarriz.
Ur jolasei dagokienez, “harrizko eta hartxintxarrezko banku eta boloek mugatutako azalera” izango da, udalaren arabera: “Gune eguzkitsua da, hosto erorkorreko zuhaitzez inguratua. Haren gainazal ahurra galtzada harrizkoa eta hormigoizkoa da, eta zati batean hareaz estalita dago. Iturritik ponpatzen den edateko urarekin hornitzen da, hori baita jolaserako elementu nagusia. Haurrek lurrean edo altzairuzko erretiluen gainean modelatzen dute, ertzak eta harea erabiliz. Gune horri esker, gurpil aulkiak hiru puntutatik sar daitezke ur jokora”. Bestalde, ura euri ura biltzen duen iragazketa zanga batekin batuko dute, eta sistema hori bera parkeko beste eremu batzuetan erabiltzea aurreikusten dute.
Landare elementuei dagokienez, alde batetik, urkiz osatutako azkar hazten den basoa edukiko du parkeak: “Erdigunetik aldentzeko espazioa da. Jolaserako elementu sinpleak, egonlekuak eta gainerako guneetan hain irisgarriak ez diren material naturalak sartzen dira”. Soropil gainazalak, bestetik, belardien erdiguneetara mugatuko da: “Belardi horiek erabilera ugari ematen dizkiete erabiltzaileei. Bi eremu nagusi aurreikusi dira, zuhaixka landarediak eta tamaina handiagoko zuhaitzek mugatuta, eremu eguzkitsuak eta itzalpekoak izateko”. Horrez gain, “proposamena balio natural eta didaktikoak dituen parke batera bideratzeko asmoz, zuhaitzak, zuhaixka landaredia eta lurzoruko landareak autoktonoak izatea” da udalaren asmoa.
Era berean, bide sare bat ere izango du parkeak: “Bideek erabat irisgarria den zirkuitu nagusi bat osatzen dute, oinarri malgu eta iragazkorraren gainean hormigoi lauko galtzada harrizko gainazal zolatuak dituena. Bideekin batera, landare lurraren zati bat gehitu da, balastoarekin nahastuta, alboko landarediari pisuagatik kalterik ez eragiteko”.