Agitin «baimenik gabeko lanak» egiten ari direla salatu du Eguzkik
Igeldoko Agiti kalako arrain haztegia.Eguzki Agitiko arrain haztegia aspalditik abandonatuta egon arren, Blue Reef Algae enpresak bertan algak ekoizteko proiektu bat aurkeztu du, eta lanak egiten ibili dira. Eguzkik, hala, “baimenik gabeko lanak” direla salatu zuen hilaren 7an, proiektu hori ez baitago oraindik onartuta.
Ura agentziak jakinarazi du, ordea, enpresak hilaren 15ean aurkeztu zuela baimen eskaera; hortaz, ez soilik baimena lortu baino lehen, baizik eta eskatu aurretik ere hasi dira lanak egiten. Hala, Eguzkik enpresari zigor espediente bat irekitzeko eskatu dio Urari.
Eguzkik harridura azaldu du, egoeraren aurrean. Martxoan eskatu zion elkarteak Eusko Jaurlaritzari Agiti ingurumen aldetik leheneratzeko, baina ez dute erantzunik jaso, eta Blue Reef Algae maiatzean sortu omen zen. Abuztuan aurkeztu zuten algak ekoitzeko proiektua eta irailean eman zuen jakitera jaurlaritzak, proiektua osatu gabe egon arren.
Proiektuari alegazioak aurkezteko epea itxi gabe zegoen oraindik, Eguzkik salaketa jarri zuenean. Honako hau da salatu zutena:
- 19 urte dira haztegiko jarduera bertan behera geratu zela
- 14 urte dira Culmanor SA enpresak haztegia eraikitzeko zuen baimena iraungi zela
- 13 urte dira Ura enpresak instalazioak desmuntatu eta kala lehengoratuko zuela esan zuela
“Deigarria” gertatzen zaie urte hauetan guztietan administrazioek leheneratze proiekturik aurkeztu ez izana. Hala ere, nabarmendu nahi izan dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta udalak jaurlaritzari eskatu ziotela lehenbailehen hasteko ingurua lehengoratzen.


