'Milia Kuantikoa' aurkeztu dute: fisika kuantikoaren ikerketaren ibilbidea Donostian
Ibaetak ibilbide zientifiko-teknologikoa du gaurtik aurrera, eta oinez edo modu birtualean egin daiteke. Zientzia eta teknologia kuantikoetan "euskal lidergo zientifikoa" ikusarazten eta aitortzen duen dibulgazio ekimena da.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak Milia Kuantikoa aurkeztu du. Ibilbide zientifiko-teknologikoa da, eta aukera ematen die herritarrei komunitate zientifikoak fisika kuantikoaren esparruan egiten duen lanera hurbiltzeko, abangoardiako ezagutza sortzeko eta etorkizuna eraldatuko duten teknologiak garatzeko. Teknologia horien artean, konputazio kuantikoa, sentsoreen teknologia eta beste hainbat aplikazio daude.
Milia Kuantikoaren aurkezpen ofiziala gaur goizean egin da Donostian, Ikerbasqueren eraikin berrian. Eraikin horretan urriaren 14an inauguratu zen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa dago. Ekitaldian izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pwrez Iglesias, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizueta eta Basque Quantumeko zuzendari Javier Aizpurua.
Ibilbide zientifiko-teknologiko hau Ibaetan dago, ikerketa kuantikoan Europako polo aktiboenetako batean, eta bi modu osagarritan egin daiteke:
-
Oinezko ibilbidea: kuantikaren inguruan ikerketa egiten duten zazpi ikerketa-zentro eta fakultate nagusien eraikinen sarreran kokatuta daude dibulgazio-infografiak, guztiak ere pasealeku seinaleztatu baten ibilbidean.
-
Bisita birtual interaktiboa: 360 graduko ibilbide digitala da, laborategietan eta ikerketa-espazioetan murgiltzen du bisitaria, lan zientifikoa, ekipo teknologikoak eta talde bakoitzaren gaitasunak zehatz-mehatz erakutsiz.
Milia Kuantikoa osatzen duten zazpi zentroak honako hauek dira: Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM), CIC nanoGUNE, Tecnun (Nafarroako Unibertsitatea), EHUko Informatika eta Kimika Fakultateak eta Basque Quantum aliantzaren egoitza den Ikerbasqueko eraikin berria.
Ilustratzaile zientifikoek diseinatutako infografiak publiko orokorrarentzat pentsatuta daude. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakur daitezke eta, nahiz eta zorroztasun zientifikoz idatzita egon, erabilitako hizkuntza ulertzen erraza da eta irudi erakargarriak azaltzen dira. Zentro bakoitzak fisika kuantikoan egiten duen lanaren inguruko informazioa eskaintzen dute, baita kuantikaren oinarrizko kontzeptuei buruzko informazioa ere.
Bestalde, plataforma birtualak Smart Map teknologia erabiltzen du laborategien bereizmen handiko digitalizazioak eta etorkizuneko espazio zientifikoen birsortzeak erakusteko. Murgiltze-esperientzia hau hiru hizkuntzatan dago eskuragarri, eta ikerketa-taldeen lana eta potentziala ulertzeko aukera ematen du, testu- eta audio-azalpenekin eta eduki interaktiboekin.
Milia Kuantiko birtualean IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa, DIPCko Hyperion superordenagailua, nanoteknologian espezializatutako laborategiak, mikroskopia eta algoritmo kuantikoak aurki daitezke, besteak beste.
Bisita birtualerako sarbidea ibilbideko totem fisikoetan instalatutako QR kodeen bidez edo Basque Quantum-en webgunearen bidez egin daiteke.
Milia Kuantikoa hezkuntza eta dibulgazio tresna ulertu daiteke, publiko guztientzat eskuragarri dagoena, eta euskal eragile zientifikoek zientzia eta teknologia kuantikoen arloan egiten duten lana ikusarazten eta aitortzen duena.