'Nor naizen baneki' euskal antzerkia taularatuko dute lau egunez Gazteszenan
Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzitako lana ikusi ahalko da ostegunetik igandera Egiako kultur etxeko Gazteszena aretoan, Artedrama eta Axut! konpainien eskutik.

Euskal antzerkiaz disfrutatzeko aukera egongo da asteburu honetan Donostian, zehazki, ostegunetik igandera (hilak 23-26). Hain zuzen ere, Artedrama eta Axut! konpainiek Nor naizen baneki antzezlana eskainiko dute Egia Kultur Etxeko Gazteszena aretoan lau egun horietan, 19:30ean. Sarrerak hemen daude salgai.
Harkaitz Cano idazleak eta Ximon Fuchs aktore eta zuzendariak idatzitako obra da, eta Fuchsek berak zuzendutakoa. Antzoki batean egindako indusketa arkeologikoa du hizpide antzezlanak. Hain zuzen ere, arkeologoek eta bestelako adituek, antzokiaren historia sekretua aztertuko dute geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Horrela, 2.000 urte pasatxotan pilatutako borroka ezagunak, askotariko kontu eta auzi ezagunak eta lurperatutako tramak azaleratuko dira, horrek dakarren guztiarekin. Obraren bidez, Inkisizioaren garaian, Frantziako Iraultzan, Karlistaldietan eta 1936ko gerran murgilduko dira ikus-entzuleak hainbat gai lantzeko, hala nola familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala.
Horrela aurkeztu dute lana Artedramak eta Axut!-ek: “Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?”.
Ramon Agirre donostiarra da antzezlaneko aktoreetako bat, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñigarekin batera. Bestalde, koreografia Philippe Ducouk diseinatu du; argiztapena Acronicak; musika Xabier Erkiziak ondu du; soinulari lanetan Philippe Barandiaran eta Xabier Erkizia daude; ekoizpenean Iasone Parada, Argi Perurena eta Mikel Unamuntzaga; banaketan Irantzu Azpeitia eta bitartekari lanetan Arantxa Irigoien.