Swing doinuez jantziko da hiria urriaren 31tik azaroaren 2ra

Swingarekin lotura duten 350 dantzari eta dantzazale baino gehiago elkartuko ditu Donostia Belle Swing jaialdiak, urriaren 31tik azaroaren 2ra. Zortzigarren aldia da aurtengoa, eta hiriko zenbait txokotan antolatu dituzte dantzaldiak.
Nazioartean izena duten 18 irakaslek eskolak emango dituzte asteburu horretan zehar Kursaalean; gainera, ostiral eta larunbat gauean, Suediako The Hornsgatan Ramblers taldeak zuzeneko kontzertuak eskainiko ditu, eta Crazy Legs DJ donostiarrak girotuko ditu atsedenaldiak.
Egitarau dantzagarri bat
Publiko zabalari zuzendutako jarduerek osatzen dute programa; hala, ezagutzarik eta esperientziarik gabe ere disfrutatu dezake jendeak jaialdiaz. Hasteko, larunbatean (hilak 25), 17:30ean, Donosti Lindy Hop elkarteko kideek doakoa eta irekia izango den eskola bat emango dute Tabakalerako patioan.
Asteburuan hasiko da, ordea, programa: hilaren 31n, ostiralarekin, elkartuko dira parte hartzaileak udaletxeko osoko bilkuren aretoan, dantzaldi handi batez disfrutatzeko. Azaroaren 1ean, larunbata, “Vermouth and Swing” doako ekitaldiaz gozatu ahal izango dute Kursaalean; amaitzeko, hala, azaroaren 2an, festa handi bat egingo dute Tabakalerako patioan, The Hot Swing Sextet taldeak girotuta.
Euren webgunean eman dezakezue izena.