'Umore' jaialdiak hiria barre egiteko aukerez beteko du martxoan

Udalak, aldundiak eta Jaurlaritzak babestu eta Goyo Jimenez, Luis Piedrahita eta Galder Varas umoregileek sustatutako Umore umorearen nazioarteko jaialdia aurkeztu zuten atzo antolatzaileek. Martxoaren 4tik 8ra bitartean aurrera eramango dute nagusiko Donostian, nahiz eta zenbait jarduera Gipuzkoako beste herri batzuetara ere zabaldu. Xedea umorea hiriko eta lurraldeko “kultur bizitzaren erdigunean kokatzea da, ez entretenimendu gisa soilik, baita ongizate eta topaketa tresna gisa ere. Sarrerak bihar, hilak 23, jarriko dituzte salgai.
Jaialdiak Estatuko eta nazioarteko komedia proposamenak batu asmo du, “publiko berriak erakarri eta hiria umore garaikidearen erreferente bilakatzeko”. Umore saioez harago doa egitaraua: film estreinaldiak, liburu aurkezpenak, zuzeneko podcastak eta erakusketak.
Donostian honako emanaldiak egingo dituzte: martxoaren 6an, Mentes peligrosas ikuskizuna Kursaalen; martxoaren 7an, Goyo Jimenezek America Forever estreinatuko du Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalen, berriz, Estirando el chicle podcasta grabatuko dute Auditorioan, eta Hovic-ek Grito bakarrizketa egingo du, ganbara gelan. Martxoaren 8ana, hiru sustatzaileek Bonitos del norte gala gidatuko dute Kursaal Auditorioan. Bertan, “Espainiako komediako izen esanguratsu bat omenduko dute”.
Gainerako saioak, berriz, honakoak dira: martxoaren 4an, Mikel Bermejok Eureka aurkeztuko du Errenterian, martxoaren 5ean, David Cepok No cruces los brazos eskainiko du Tolosan, eta martxoaren 6an, Corta el cable rojo inprobisazio ikuskizuna gauzatuko dute, Irunen.