Zabaldu dute Zientzia Asteko tailerretarako izena ematea
Ikasleak, Zientzia Astean.Mitxi, EHU Azaroaren 5etik 9ra egingo dute aurtengo Zientzia Astea Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon; gaur zabaldu dute, ordea, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko tailer eta ibilbide didaktikoetan izena emateko epea.
Bilboko Bizkaia Aretoa, Donostiako Tabakalera, Gasteizko Bibat museoa hartuko ditu zientziak, egunotan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ikerketan aritzen direnen eskutik zientzia ezagutzeko. Izan ere, egitarau berezia prestatu du unibertsitateak, Zientzia Astearen 25. urteurrenaren harira: 200 jarduera inguru eskainiko dituzte, adin guztietarako (tailerrak, ibilbide didaktikoak, bakarrizketak, hitzaldiak…)
Helburua, parte hartzaileak zientziara modu “dibertigarrian” gerturatzea da, zenbait gaien inguruan, bereziki. Robotika, adimen artifiziala eta astronomia dira, horietako batzuk.
Ikasleak eta argazki lehiaketa
Programazioa publiko zabalera irekita dagoen arren, DBHko eta Batxilergoko ikasleek ere izango dute Zientzia Asteaz disfrutatzeko aukera. Goizean izango dira bisita horiek, ordea. Hilaren 3an ireki ziren izen emateak, eta, dagoeneko, ia beteta dago dena. 5.000 ikaslek izango dute, hala, zientzia gertututik eta profesionalen eskutik ezagutzeko aukera.
Horrez gain, Geologia argazkien XVII. leihaketan parte hartzeko epea zabaldu dute, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Lehiaketa honetan, Lurra eta zientzia lotzen dituzten argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, azaroaren 2ra arte.
Zientzia Astearen webgunearen bitartez eman dezakezue izena Bilboko, Donostiako eta Gasteizko tailerretarako. Barakaldokoetarako, berriz, bertako udalaren egoitza elektronikoaren bidez, telefonoz eta bertako kultur eta gizarte etxeetan egin dezakezue, urriaren 27tik aurrera.


